ARTEA

Arinak, batzuetan, astuna jasaten du

Jone Elorriaga Soto artistak Puzgarriak: Gorria eta Larrosa izeneko erakusketa abiarazi du Bilboko La Taller galerian, martxoaren 3ra arte.

Jone Elorriaga Sotoren ibilbide artistikoan eskultura izan da ardatz nagusia, eta bereziki, site-specific  (espazio zehatzetarako esku-hartze artistiko espezifikoak) proposamenak gauzatu ditu.
Oraingo honetan, Elorriagaren proposamen eskultorikoa eraisketa arriskuan dauden objektuetan oinarritu da. Gaur egun, “eztandaren hurbiltasunean interesatuta dago, gehiegizko puztearen edo kargaren ondorioz lehertzeko zorian dauden eskultura proiektuetan, zerbaitek gainditzen duen norbaiten portaeraren metafora gisa”.

Elorriagak bi eskultura proposatu ditu La Taller gunerako, puztuta daudenean, airearekin bolumena hartzen dutenean soilik zentzua hartzen dutenak. Airearekin lan egiten duenez, artelan hauek ez dute zorurantz indarra egiten, beherantz pisatu beharrean gorantz indarra egiten duten piezak dira. “Arintasunaren eta gainazaleko lanaren ideia hori indartu egiten da elkarren artean jolasten diren materialaren aukeraketarekin, plastiko garden eta opako koloretsuak. Material opakoari material astun baten balorea ematen zaio, eta gardenari izaera arinagoa. Arinak, batzuetan, astuna jasaten du”.

Elorriaga Sotoren hitzetan, “nire lanak sortzen dituen ezustekoei aurre egitean eta pieza bat ebaztean egiten ditudan keinuak edo erantzunak beste batzuk izatea nahi dut. Eskulturan gutxieneko keinua aurkitzea, egoera konplexu eta, gehienetan, aurreikusi ezin den batean”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button