IKUS-ENTZUN

Giza eskubideei buruz hausnartzeko beta

Giza Eskubideen Zinema Erakustaldia (Zinexit) azaroaren 21etik 25era egingo da Bilboko Azkuna Zentroko Golem zinema-aretoetan, eta ohi den moduan, giza eskubideei buruz hausnartzeko beta luzatuko du.

Hala, erreferentziazko lan zinematografikoetatik abiatuta oinarrizko eskubideei buruzko gogoeta egiteko gonbitea ekarriko du, zineforuma eginez, izan ere, proiekzio bakoitzaren ondorengo solasaldietan adituren bat izango da protagonista.

Erakustaldia gaur, hilak 21, irekiko da, Ali El Arabi egiptoarrak zuzendutako Captains of Zaatari dokumentalarekin. Jordanian errefuxiatuta dauden bi gazte siriarrek, euren bizitzaren errealitate zailari aurre egiten dioten bitartean, futbolari profesional bihurtzeko duten ametsa islatzen du filmak. Film hori Athletic Club Fundazioaren arteko lehenengo lankidetzari esker heldu da.

Erakustaldiaren bigarren egunean, 2021ean filmatutako eta Ekialde Hurbilean girotutako dokumentala proiektatuko da, The devil’s drivers. Mohammed Abugethek eta Daniel Carsentyk zuzenduta, Israelgo mugako harresian zehar langileak ezkutuan igarotzearen arazoan zentratzen da.

Asteazkeneko programazioak Euskal Herriko indarkeriaren inguruko eztabaida ekarriko du El Comensal filmak. Gabriela Ybarraren izen bereko eleberriaren zinemarako egokitzapena da. Grabrielaren Aitona ETAk hil zuen 1977an.

Hurrengo saioan, Dina Amer zuzendari egiptoar-estatubatuarraren opera prima izango da, Tu me ressembles. Amerrek 2015ean Parisen gertatutako atentatu islamistaren berri eman zuen kazetari gisa, eta lanak Frantzian emakume arabiar baten erradikalizazio prozesua berreraikitzen du.

Giza Eskubideen Zinema Erakustaldiaren azken egunean, Otto Premingerren Anatomy of a murder klasikoarekin itxiko da.

Zinexit jaialdiak lehen hezkuntzako ikastetxeetara zabaldu gura du giza eskubideei buruzko gogoeta, eta hala, material didaktiko espezifikoa banatuko da, eta 6 eta 10 urte bitarteko mila ikasle baino gehiagorentzako proiekzioa egingo da. Bigarren hezkuntzako ikasleei zuzenduta, Zaatariko kapitainak pieza eskainiko da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button