LITERATURA

Gaur hainbat liburu berri kalean

Susa argitaletxeak Harkaitz Zubiriren Etxekalte nobela berriaren aurkezpen ekitaldia egin du gaur goizean Donostiako Udal Liburutegiko sotoan.

Liburuan hauxe kontatuko zaigu: Anaitasuna enpresa ez dabil ondo. Kontuak zehazki nola dauden inork ez daki, baina arazoak eta zurrumurruak zabaldu direnez gero, lorrintzen ari dira langileen arteko harremanak.  

Bizitza gurutzatuak kontatzen ditu Harkaitz Zubiriren nobelak. Krisi ekonomiko eta sozial garaian krisi pertsonal eta intimoetan trabatu direnek ihes egin nahi diote porrot gordinari, kosta ahala kosta.

Maite Toledo Saralegik ere, Tekno + turismoa saiakera eta Jet Lag olerki liburua aurkeztuko ditu gaur berton, 19:30ean,  Bergarako Aroztegi Aretoan. Egileak berak adierazi digunez, bost minutuko ikus-entzunezko bat ere erakutsiko du. Bertako sekuentziak olerkien printza estetikoak dira.

“Jet lag olerki liburuan bizitzan izaten ditugun elkarrekintzez ari naiz. Bizitzea poesia da. Poesia bidaia da. Bizitzeak hausturak eragiten dizkigu, egoera berrietara egokiarazten. Era berean, bidaiatzeak jet lag-a sortzen digu, gure arima ondoezik ibiltzen baita, harik eta helmuga berriko erritmora moldatzen garen arte” esan du Maitek. 

“Tekno+turismoa, bestalde,  azken boladan azaleratzen ari da, eta industria-, zientzia- edota teknologia-guneetara egiten diren bisitaldiak batzen ditu, batik bat. Turismo-aldaera horren berri ematea da saiakera liburuaren xedea; baita haren sustapenak ekarriko lizkigukeen onurak azaltzea ere”, gaineratu du egileak.

Beste aldetik, gaur ere baina Bilbon, eta Txalaparta argitaletxearen eskutik Slavoj Žižek idazlearen Bienvenidos a tiempos interesante lan interesgarria presentatuko da. Slavoj Žižek Ljubljanan (Eslovenia) sortu zen, 1949an. Hiri bereko unibertsitatean filosofia ikasketak egin zituen, eta psikoanalisia ikasi zuen Parisen; bi aldiz doktore da. Amerikako Estatu Batuetako hainbat unibertsitatetan irakasle eta ikerlari aritu izan da. Gaur egun, zuzendari da Londresko Unibertsitateko Birkbeck Institute for the Humanities-en. Hamaika liburu idatzi ditu, besteak beste, A Plea for Leninist Intolerance (2002),Violence (2008) eta Lenin Reloaded. Toward a Politics of Truth (2007).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button