
Gaur Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzen da. Egun berezi hori dela eta, hamaika bat ekitaldi atondu dituzte hainbat talde eta eragilek. Guk batzuk aipatuko ditugu.
Hasteko, Elorrion, emakumeekin loturiko bi erakusketa ikus daitezke martxoaren 30era bitarte: Iturri Kultur Etxean paratu duten argazkigintza dokumentalari buruzko Emakumea lanean erakusketa, eta Iturri Kultur Etxeko udal liburutegian iksugai dagoen Martxoak 8: emakumeei buruzko liburuak. Azken horretan, gainera, gaiaren inguruko irakurketa gidak ere banatuko dituzte.
Bestalde, Andoaingo Emakumeen Kontzertua egingo dute herri horretako Bastero Kulturgunearen Auditoriumean, 21:30ean. Oholtzan zortzi emakume izango dira: Elixabet Gallo (akordeoia), Arantxa Irazusta (ahotsa), Eneritz Jauregi (zeharkako xirula), Miren Mujika (pianoa), Aran Mujika (biolina), Esti Mujika (pianoa), Itsaso Mungia (akordeoia), eta Ixiar Oreja (panderoa eta ahotsa). Bihar estreinakoz arituko dira zortzi musikariak batera agertokian.
Lezama udalerrian ere zenbait ekitaldi egingo dituzte Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira. Hala, herriko emakumeek A tres tiempos izeneko antzezlana taularatuko dute bihar. Halaber, Gaztelekuko erabiltzaileek, 14 eta 18 urte bitarteko nerabeek, gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko graffitia egingo dute larunbatean.
Azkenik, Bilboko bulegoa z/g ekimenak irakurketa feministen taldea atondu du. Hala, martxoaren 12an Adelina Moya eta Aimar Arriola izango dira, eta 13an berriz , Xabier Arakistain eta Leire Vergara, saio biak 18:00etan hasiko dira. Taldea Maider Zilbeti ikertzaile feministak zuzentzen du.
Irakurketa-taldeen jarduera berri hau DBHko ikerketa-ildoaren esparruan dago. “Irakurketa-saioen bidez, helburu bikoitza lortu nahi da: batetik, pentsamendu garaikidearen oinarrian dauden testuak berrikustea, eta, bestetik, molde berriekin saiakuntzak egitea taldeko irakurketaren bidez esanahia sortzeko”.



