LITERATURA

Ur Apalategik "Fikzioaren Izterrak" bere lehen ipuin liburua kaleratu du

Zazpi ipuin hauek fikziozkoak izan arren, errealitate hurbilaren ispilu dirdiratsuak dira; sarritan irudi olgetari eta trufatzaileak islatzen dituztela irudituko zaizu, baina gertakariak eta gertagarriak gertu daudela erakusten dute beti.
Bikotea batetik, idazletza bestetik, horra Fikzioaren Izterrak (Susa) ipuin liburuan obsesiboki txirikordatzen diren hari nagusiak.
Maitasun konpartitua, naziotasun zoriontsua eta arrakasta literarioa benetakoak al dira?, edo geure buruak zigortzeko sortzen ditugun kimera eskuraezinak? Serioski irri egiteko kontakizunak dira, baita frustraturik gozatzekoak ere, edo haserrez baketzekoak… hori posible baldin bada.

Ur Apalategiri poemak eta bi nobela irakurri izan dizkiogu; Fikzioaren Izterrak da, beraz, bere aurreneko ipuin liburua. Atzartasuna moteltzen utziko ez dizun estilo natural eta malguz onduta dator, sekula galdu gabe ozar bilakatzeko atrebentzia.

Zuzenbidean eta Letra Frantsesetan lizentziaduna eta Euskal filologian doktore da Ur. Euskal literaturako irakasle titularra Paueko Unibertsitatean.
Besteak beste, Maiatz, Hegats, Egan, Uztaro, Euskaldunon Egunkaria eta Garan argitaratu ditu idazlanak, artikulu kritikoak nahiz iritzi zutabeak.
Arlo akademikoan, Pariseko L'Harmattan argitaletxeak 2000n argitaratutako La Naissance de l'écrivain basque (Euskal idazlearen sorrera) ikerlanaren egilea da.
Utriusque Vasconiae argitaletxearen baitan Kritika Literarioa sailean garatzen du bere lana. Gauak eta hiriak eta Gure gauzak, S.A. dira bere lanik ezagunenak.

Nontzeberri

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button