ESZENA

Gasteizko Kaleko Arteen Nazioarteko Erakustaldia hastear

KaldeArte, Gasteizko Kaleko Arteen Nazioarteko Erakustaldia, ekainaren 8, 9, 10 eta 11n egingo da Arabako hiriburuan, eta aurtengo edizioak 71 emanaldi eskainiko ditu guztira, 35 konpainiaren eskutik.

KaldeArte jaialdiak askotariko programazioa eskainiko du hainbat diziplinatan (antzerkia, dantza, musika, performancea…), eta kaleko arte bizien esparruko sorkuntza garaikidearen erakusketa adierazgarri bat eskainiko du, nazio zein nazioarte mailan. Aurten gainera, Europa osoan arrakasta duten atzerriko ekoizpenen eta tokiko eta euskal kaleko sorkuntzaren arteko oreka egongo da, bai eta nagusiki edo soilik emakumeek osatutako konpainien protagonismo handia, eta euskarazko ikuskizunen presentzia handiagoa ere.

Bihar, ekainak 8, abiatuko da ekimen eszenikoa Orain-bi taldeak eskainiko duen Mute (Euskadiko ikuskizun onenaren saria Leioako  Umore Azokan (2022) eta 2023ko Max sarietarako hautagaia) piezarekin. “Gaztelaniaz, “mutar” aditzaren agintera singularreko hirugarren pertsona da “mute” (alda dadin); pertsona, animalia edo gauza baten itxura, izaera eta egoera aldatzea esan nahi du aditz horrek. Aldaketaren ideia hori oinarri hartuta sortu zuen OrainBi konpainiak bere lehen muntaia handia, kalerako zirku-ikuskizun bat, oreka, garraio eta akrobaziez osatua, eta une poetiko, dibertigarri eta harrigarriak eskaintzen dituena, umore ukitu batez.”

Eta gero, Kukai Dantza konpainiak Eta orain zer? eskainiko du. “Espazio huts batean, ezerezaren aurrean… askatasunaren, erabakitzeko aukeren, proposatzen dizkidaten muga eta aukeren artean… Hogei urteko ibilbide baten ostean, pandemia baten ondotik… Ikusle, dantzari, sortzaile, musikari, teknikari, kudeatzaile… garen aldetik… Eta orain zer? Nola ekingo diogu esperientzia honi? Nola beteko da hutsa? Nola jokatuko dut nik? Nola jokatuko dugu guk? Izango al da batzen gaituen sokarik? 10 dantzari eszenan eta Musikeneko interprete gazteen laguntza.”

Egunez eguneko programazio guztia hemen kontsultatu ahal duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button