
Peru Magdalenak Beila (Balea Zuria) poema-liburuarekin esperimentaziotik jo du oraingoan ere, eta formatu txikiko liburu berezi bat kaleratu du, Tantaka haiku-liburuarekin egin zuen moduan.
Balea Zuria argitaletxeko kideek honela definitu dute lana: “Istorio batek ardazten du liburua, poetaren hausnar poetiko jarraiak. Lo ezak jotako norbaiten barne munduak bat egiten du gaueko paisaia eta objektuekin”.
Peru Magdalena Arriaga (Durango, 1980) idazle, bertsolari eta margolari bizkaitarra da.
Bere lan narratiboak honako hauek dira: Lile (Elkar, 2006) lan zoragarria, Igartza Sarian akzesita izan zena; Egia esan (Elkar, 2013), eta Ametsondoa (Elkar, 2017). Poesian Hutsik (Elkar, 2008), Argia (Elkar, 2016), eta Tantaka (Balea Zuria, 2020).
Pinturari ere ez dio muzin egin eta bi pintura erakusketa egin ditu: Hara begire eta Samuraiaren hegaldia. Irratian lan egin du, artikuluak idatzi ditu hainbat komunikabidetan, eta gidoilari lanak ere egin ditu.



