
Egunotan, euskal musika protagonista da urruneko parajeetan. Hain zuzen ere, M pour Montréal jaialdian Merina Gris eta EZEZEZ taldeek hartuko dute parte Basque. Music. plataformaren eskutik, azaroaren 18tik 21era arte. Euskal musikaren nazioartekotzea sustatzeko egitasmo hori Musika Bulegoak, Etxepare Euskal Institutuak eta Eusko Jaurlaritzak bultzatzen dute elkarlanean.
Azaroaren 20an, ostirala, Merina Gris eta EZEZEZ taldeek musika industriako profesionalei zuzendutako showcase bateratua eskainiko dute Quai des Brumes aretoan. Merina Gris taldeak egun horretan bertan joko du Casa del Popolo aretoan, Anyma Ora’ eta Papaya noon taldeekin batera. EZEZEZek, berriz, azaroaren 21ean, larunbata, L’Escogriffe aretoan eskainiko du kontzertua, Montrealgo We Are Wolves taldearen aurretik.
Hemengo zinemaren lagin bat ere hantxe ikusiko da Euskadiko Filmategiak Etxepare Euskal Institutuak eta Cinémathèque québécoise-k antolatutako ziklo batean. Hautatutako filmak honako hauek dira: Tasio (Montxo Armendáriz, 1984), Nafarrako ikazkinak – Carboneros de Navarra (Montxo Armendáriz, 1981), Ander eta Yul (Ana Díez, 1988), Hamaseigarrenean aidanez (Anjel Lertxundi, 1985), Ehun metro (Alfonso Ungría, 1985), Zergatik panpox (Xabier Elorriaga, 1985) eta Oraingoz izen gabe (José Julián Bakedano, 1986).



