LITERATURA

Erein argitaletxearen azken argitalpenak

Egun hauetan Erein argitaletxeak makina bat lan aurkeztu ditu.

Jasone Osoro idazleak Tonta izeneko liburua plazaratu du. Hauxe duzue lanaren korapiloa: “Hotel abandonatu baten eraikin osoa alokatzea erabaki du Regina margolari enigmatiko batek. Haren etorrerak, berriz, erabat iraultzen du Brigitteren bizitza bakartia. Bien arteko harremana, hasieran liluragarria izan arren, berehala bihurtzen da dinamika arriskutsu, eta ezinezkoa izango da hortik ihes egitea. Harremanaren lekuko dira Marilyn oiloa, Ursula zerria eta Cesare gizona”. Lana “erakargarria da, errealismo magikoaren ukitu eta guzti, iluna eta aztoragarria; irakurlea hasieratik harrapatuko duena”.

Andoni Agirrezabalak Zelaiaren bila lana argitaratu du. “Munduaren azkena datorren honetan, lau pertsonaia nagusiren bideak gurutzatu dira. Urubik, eguzkitik libre hezi den gazteak, Jaun Goria garaitzeko bidaiari ekin dio. Kedar zentraleko langilearen asmo bitxiak ustekabeko enkontru batek zapuztu ditzake. Gari mutil koskorrak kosta ahala kosta elkartu nahi du bere lagun minarekin. Eta Goñi agurea aspaldiko damu baten atzetik dabil lurpeko bide ilunetan barrena”.

Gaupasa kluba da Irati Jimenez idazlearen azken lana. Irati Jimenezen lehendabiziko ipuin-liburua da hau, literaturaren aldeko maitasunezko manifestu bat, maitasunaren aldeko manifestu literario bat. Literaturak iluntasunaren erdian argia egiteko duen botereari egindako omenaldi bat. Maitasunaren eta bizi garen bitartean, bizirik mantentzen gaituen guztiari egindako gorazarre bat.

Poesiaren arloan Oroiminaren hirietan aldaroka lanak 2025ko Blas de Otero – Angela Figuera poesia saria eskuratu zuen. Jon Iturregi Martinek idatzi du lana. “Liburu honek badu gaurko poesian gero eta urriagoa den bertute bat: emozioa eta begirada kritikoa uztartzea, sentimentalismora erori gabe. Irudi indartsuen bidez eta hizkera garaikide zein literarioaren arteko elkarrizketan, egileak intimitatea unibertsal bihurtzen du, irakurlea bere oroitzapen eta galera propioen aurrean jarriz”.

Azkenik lan mardul eta klasiko baten itzulpena ere agertu da: Fiodor Dostoievskiren Krimena eta zigorra. Aroa Uharte Zubillagak hartu du lan hori euskaratzeko ardura.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button