
Azaroaren 13tik 15era, Oiartzunen, Hitzen Lihoa ekimena egingo da bederatzigarrenez, aurten Haize kontra lelopean. Bertako egitarauak gogoeta saio irekiak, mahai inguruak, literatura, kontzertuak, liburu azoka eta bertso saioak bilduko ditu aurten.
Azaroaren 13an abiatuko da Hitzen Lihoa, 19:00etan, Landetxe Kultur Aretoan egingo den irekiera ekitaldiarekin. Bertan, Harkaitz Canok manifestua irakurriko du eta Maite Larburuk emanaldi musikala egingo du.
Larunbatean, kulturgintzaz gogoetatzeko saio irekia antolatu da Maialen Akizu, Edurne Azkarate, Paul Beitia eta Iratxe Retolazarekin. 19:00etan, Gartxot artistaren kontzertua programatu da Landetxen.
Igandean honako hauek egingo dira: III. Liburu Azoka Ttikia Kontzejupean; Katixa Agirreren Berriz zentauro liburuaren irakurketa jarraitua, egileak berak gidatuta; Bertso bazkari literarioa; eta Bertso saioa Girizia elkartean, Maialen Lujanbio, Alaia Martin eta Aitor Servier bertsolariekin, Katixa Agirre gai-jartzaile dela.



