
Literaktum jaialdiaren aurtengo hitzordua azaroaren 9tik 22ra izango da, Bitxia: aniztasuna eta ahots isilak lelopean. Literaktumek urtez urte hitzaren inguruan biltzen ditu irakurleak, idazleak eta sortzaileak, garaiko kezkei eta eztabaidei literaturatik heltzeko. Diziplina eta ahots ezberdinen arteko zubiak eraikitzen dituen jaialdia da, ideien eta bizipenen trukerako plaza. Literaturaren eta hitzaren inguruan elkartzeko jaialdia.
Literaktumeko aurtengo edizioan “gutxiengoen istorioak, ikusezin bihurtzen diren errealitateak eta identitateen arteko gatazkak izango dira hizpide. Noren ahotsa entzuten da eta norena geratzen da isilik? Badira kontatzen diren istorioak, eta badira kontatu gabe gelditzen direnak”.
Literatura jaialdiaren lehen astean Yasmina Reza, Joseba Sarrionandia, Máximo Huerta, Elvira Mínguez, Juan Gabriel Vásquez, Jabier Muguruza, Lucía Solla Sobral, Nerea Pallares, Uwe Wittstock eta Irati Jimenez izango dira euren azken lanak aurkezten.
Datorren asteko protagonistak Patricio Pron, Llucia Ramis, Manuel Vilas, Ken Bugul, Garazi Kamio, Fabio Neri, Itziar Ugarte, Sergio del Molino eta Madalena Matoso izango dira.
Egunotan ere Kutxa Fundazioaren Literatur Sarien banaketa ekitaldia egingo da, eta euskarazko sariketan Jon Gerediaga eta Arantza Arrien izango dira sarituak.
Goian aipaturiko protagonisten gain hainbat jarduera berezi antolatu dira, tartean, bost erakusketa, solasaldi eta afari literarioa, helduentzako antzezlan interesgarriak eta Literaktum txikia, ipuin kontalariekin, bai eta LHko haurrei zuzendutako Ilustrazio Lehiaketa ere.
Programazio guztia hemen kontsultatu ahal duzue.



