LITERATURA

Hegats aldizkariaren literatur ondarea Euskaltzaindiaren webgunean ikusgai

Euskal Idazleen Elkartearen (EIE) bultzadaz kaleraturiko Hegats literatur aldizkaria guztiak kontsultatu ahal izango da Euskaltzaindiaren webgunean.

Egitasmoak euskal literaturaren historia hurbileko ondare garrantzitsu bat jarri du ikertzaile, ikasle, irakasle, idazle eta irakurle ororen eskura, orain, zenbaki guztiak leku bakarrean bildu baitira.
Azal bakoitzean “argitalpen-data eta artikulu kopurua agertzen dira, baita aurkibide osoa ere, atalka antolatuta. Aurkibidea ez da zerrenda soil bat: artikulu baten izenburuan klik eginez gero, PDFa zuzenean artikulu hori hasten den orrialdean irekitzen da. Horrela, irakurleak ez du dokumentu osoa arakatu behar nahi duen testua aurkitzeko”.

Bildumaren berrikuntza nagusietako bat egileen aurkibidea da. “Bertan Hegats-en idatzi edo itzuli duten 328 pertsonak ageri dira, alfabetikoki ordenatuta eta bakoitzak argitaratutako lan kopuruarekin. Letraz letra mugitu daiteke, edo izena idatzi eta zerrenda berehala iragazi. Egile bakoitzak bere orria du, eta bertan biltzen dira aldizkarian argitaratu dituen artikulu guztiak, zenbakiz zenbaki, itzulpenak eta, hala badagokio, bere liburuei buruz Hegats-en argitaratutako iruzkinak. Aurkibideetan ere egileen eta itzultzaileen izenak klikagarriak dira, eta irakurlea artikulu batetik egile beraren gainerako lanetara igaro daiteke zuzenean.”

Dakizuenez, zenbaki batzuek gai bati buruzkoak izan dira, tartean “literatur topaketak eta jardunaldiak, haur eta gazte literatura, Alemaniako literatura, Finlandia edo Kurdistan bezalako txosten monografikoak, literatura eta zinema, euskal antzerkia. Beste batzuek idazle eta pentsalari handiak omendu dituzte, hala nola Arnaud Oihenart, Lizardi, Jon Mirande, Joxe Azurmendi, Xabier Lete eta Txillardegi.”

Begiratu nahi baduzue egin klik hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button