IKUS-ENTZUN

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia

Gaur abiatuko da Bilboko Udalak antolatutako Nazioarteko Dokumentalen eta Film laburren Zine Jaialdia (ZINEBI), eta azaroaren  27ra bitartean egingo du  bere 68. edizioa.

Betiko legez, pieza garaikiderik onenak (fikziozkoak, animaziozkoak eta dokumentalak) ikusteko parada eskainiko du ekimenak. Aurtengo ediziorako 3.300 proposamen jaso dira eta 49 lan bildu dira emanaldietarako. Jaialdiaren ataletan (Essential Docs, Spain Shorts, Zinebiskopio, Zinebi Gordailua, ZinebiTxiki, emanaldi bereziak,…) makina bat lan pantailaratuko dira, memoria, migrazioa, identitatea, giza-harremanak eta lurraldearen eraldaketak jorratzen dituztenak.

Aurtengo edizioan  Ohorezko Mikeldiak jasoko dituzte Ramon Barea Bilboko zuzendari eta dramaturgoak eta István Szabó Hungariako zinemagileak.

ZINEBIk euskal ekoizpenari begirada egiten dio beti Bertoko Begiradak sailaren bidez. Film laburren lau saio izango dira Arriaga Antzokian, azaroaren 23an eta 26an. Bertan, fikzioa, animazioa, dokumentala eta forma hibridoak bilduko dira, “paisaien eta komunitateen identitateari, desirari, memoriari, zainketei eta eraldaketei buruz hitz egiten duten filmekin”. Titulu batzuk aipatzearren: Iban del Camporen Zisne beltzak; Aner Etxebarria eta Pablo Vidal egileen Abata; Pablo Esteo, June San Sebastián, Leyre Fernández, Antton Gorroño, Leire Martínez, Irune Agirreazaldegui eta Javier Martínezen Si los pájaros cantan eta Beatriz Larraguetaren Hemen gaude.

Jaialdiak makina bat saio programatu ditu. Guztien gaineko informazioa eskuratzeko Zinebiren webgunea duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button