LITERATURA

Hutsak, zeri idatzi, minimalismoa eta poesia

Hutsak gure izena ahoskatu zuenean (Susa) izeneko poema-liburua kaleratu du Iosune de Goñik 2026. Gainez egiten duen paisaia batean barnebilduko da irakurlea poema liburu honetan. Islandiaren unibertso zehatza topatuko du, haren geologia eta mitologia, guztiz ulertzea ezinezkoa den zerbaiten presentzia konstantea. Gizatiarra eta ez gizatiarra nahasita agertzen diren lurralde bat, izendatu daitekeenaren eta ezin daitekeenaren arteko hibridazioa. Aldizka minak mugatutako gorputz bat, adiskidetasuna, mitxoletak eta itsaslabarrak.

Gerardo Markuletak bere aldetik Orratzak paperezko tximeletari (Alberdania) izeneko lana plazaratu du, haikuz beterik. Batzuetan hunkiduraz, beste batzuetan jolasez, beti sotiltasunez, egileak existentziari begiratzen dio bere baitatik, bere amodio eta maitasunetik, ahots apal baina sendoa eraikiz, orratzak ziztatuz paperean, ez tximeleta gisa disekatzeko, baizik eta eguratsera hegaldarazteko.

Pamiela argitaletxeak Mikel Etxabururen Matxe-matxe izeneko poema liburua plazaratu du. Poema sorta horren bidez gure barruko eremuak arakatzen dira, pertsonaren oinarri-oinarrizko beldurrak azaleratu eta hitza jartzen zaie, une batean edo bestean, gutako bakoitzak izan litzakeen zalantza eta amildegiei. Poema liburuak, finean, hutsuneak ere norbere toki bilakatzen ditu, bizitzen jarraitzeko edo hiltzen hasteko. Gutako bakoitza da poema liburuko protagonista.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button