ESZENA

Berrizen Kulturaz Blai programaren azken saioa

Uztailaren 9tik irailaren 24ra, Berriz Kulturaz Blai 2026 ekimenak antzerkiaz, dantzaz eta zirkuaz gozatzeko bost ikuskizun eskainiko ditu. Programa azken egunetan da, eta hain zuzen ere, irailaren 24an azken saioa antolatu da.

Herri horretako Udaletxeko lorategian, 17:30ean hasita, Hortzmuga Teatroa azken hilabetetan makina bat tokitan eskaintzen ari den Alonso, ezinezko mandatuen mezularia ikusteko abagunea egongo da, eta pieza horrek Berrizen Kulturaz Blai programa itxiko du.

Aroa Blanco, Iñaki Aginaga eta Alex Antúnez dira obra horretako aktoreak, eta eurak egoera hauxe gorpuztuko dute: Garrantzi handiko gutuna abian da baina hartzaile zehatzik ez dago; nabigazio-sistema izorratu berri da eta Alonso jendez gainezka dagoen plaza erdian ageri da. Erlojupeko lasterketa bat hasiko da munduan zehar: Afrikatik Indiaraino, Mendebalde Urrunetik Parisera, hartzaile misteriotsu baten bila. Anek, publikoak eta gutunak berak (hitz egiten du!) Alonsori enigma konpontzen lagunduko diote.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button