
Irailaren 26an eta 27an, Euskaltzaindiak poesiari lotutako Irailekoak jaialdia abiatuko du, Itsasuko Herriko Etxearekin elkarlanean eta Euskararen Erakunde Publikoaren eta Euskal Kultur Erakundearen babesarekin.
Jaialdiak olerkari, musikari, itzultzaile eta ikertzaile ugari bilduko ditu bi egunotan, euskal poeten lana sustatzeko eta sortzaileei plaza bizi eta erakargarri bat lanak erakutsi ahal izateko xedez.
Aurtengo jaialdian doluaren poesia zaharrari erreparatuko diote, eta, gaiari eutsiz, irailaren 26an erostaren edo heriotzaren aitzineko kanten bilakaera aztertuko du Karine Etcheverry irakasle eta soziolinguistak Minaren oihuez, hitzez eta kantuez mintzaldian. Sanoki aretoan izango da, goizeko 10:00etan. Ondoren, Peio Ospital eta Mixel Ducauren kontzertua antolatu dute leku berean. 12:00etan, Gaineko plazan, poesia-irakurraldia izango da Marikita Tambourin, Lierni Azkargorta eta Joseba Sarrionandia idazleen eskutik.
Arratsaldean, beste idazle batzuen ahotsak entzungo dira: Auxtin Zamora, Juankar Lopez-Mugartza, Matxalen Bezos, Antton Kazabon eta Ainara Maia. Larunbateko egitaraua Ekhi Lambert eta Odei Barroso musikarien kontzertuak itxiko du.
Igande goizean Abdul Hadi Sadoun idazle eta itzultzaile irakiarra elkarrizketatuko du Luzien Etxezaharreta idazleak. Maram al-Masri poeta siriarraren lanak ere Iraileko Paperak aldizkarian irakurgai izango dira. Azkenik, Eider Beobideren errezitaldiak itxiko du jaialdia.
Itsasun poesiari presentzia handiagoa emateko egile askoren bertso-lerroz jantzi dira herriko erakusleihoak eta Herriko Etxea bera. Tartean, Forugh Farrokhzad, Anne Sexton, Jose Luis Otamendi, Miren Agur Meabe, Aurelia Arkotxa, Bernardo Atxaga, Raymond Carver, Angel Erro, Castillo Suarez, Itxaro Borda, Jon Gerediaga edo Alejandra Pizarnik-en bertsoak.
Aurreko lerroetan aipatu dugun bezala, Iraileko paperak aldizkariaren laugarren zenbakia plazaratuko da, oroigarri poetiko gisa. Aurtengo aleak Gonzalo Etxebarria margolariaren ilustrazioak dakartza.



