ARTEA

Krisiak ekarritako irakurketa eta pertzepzio berriez

Zuhar Iruretagoienak Si cae caballo, cae imagen izeneko erakusketa abiatuko du gaur Montehermoso kulturunean. Krisiak ekarritako irakurketa eta pertzepzio berriak islatu nahi dituen erakusketa ekainaren 20ra bitartean izango da ikusgai.

Montehemosok 2020n egindako sorkuntza deialdian aukeratutako lau proiektuetako bigarrena da Si cae caballo, cae imagen. Deialdi horren bitartez, artisten ekoizpena herritarrengana hurbildu nahi da, eta are gehiago egungo egoeran, tokiko kultura-sektoreak pandemiaren ondorioak pairatu dituenean. Horrexegatik, aurten aurkezten diren lanek lotura argia dute osasun krisiarekin eta horrek gizartean dituen ondorioekin.

Si cae caballo, cae imagen erakusketak Western generora hurbiltzeko ariketa planteatzen du. “Horrelako filmetan emakumeei, zaldiei eta paisaiari ematen zaien tratamendua zalantzan jartzea du ardatz. Zehazki, animaliak, paisaia eta emakumeak makurtu eta menderatu beharreko objektu gisa nola irudikatzen diren esperimentatzea eta aztertzea. Gure imajinario kolektiboa eraikitzen duten elementu irudikatzaile horien aurrean jarrera hartzea proposatzen du; praktikatik eta arte plastikoen berezko esperimentazio-esparru batetik abiatuta ikuspuntu hori aldaraztea eta, horrenbestez, objektu-estatus horretatik askatzea emakumearen, zaldiaren eta paisaiaren irudikapena.
Gauzen irudia proiektatzea baino gehiago egin nahia bera, gauza bere horretan izan nahia jorratzen du proiektuak bideo, eskultura eta argazkigintza diziplinen bidez. Hori dela eta, emaitzak interpretaziorako bide ematen du, non zentzu propioko eraikuntza-katea gisa ezartzen saiatzen diren talde edo sistemak proposatzen diren.”

Ildo horretan, krisiak ekarritako irakurketa eta pertzepzio berri horiek agerian jarri nahi ditu proiektuak, zaldiaren figura baliatuta analogia bat sortuz.

Zuhar Iruretagoiena Arte Ederretako doktorea da EHUn, eta Pompeu Fabra Unibertsitateko Arte digitaletako masterra du (Bartzelona). Bere ibilbide artistikoan hainbat sari lortu ditu, besteak beste, Ertibil Bizkaia, Gipuzkoako artista berriena, Caja Madrileko “Generaciones” edo Guggenheim Horma.
Egun, bateratu egiten ditu Arte Ederretako Fakultateko irakasle lana eta artista- eta sortzaile-lanak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button