ESZENA

“Eztena” arte eszenikoen jaialdiaren azken egunak

Zizt! kultur elkarteak, Mikelazulo kultur elkarteak eta Errenteriako Udalak elkarrekin antolatu dute Eztena jaialdia. Azken egunetan dabil ekimena.

Pandemiak Eztena jaialdia baldintzatu zuen joan den urtean. Aurten, egoerara moldatutako egitaraua sortu dute, eta “urtero kale ikuskizunak, laborategiak eta esperimentuak egin ohi baditugu ere, aurten emanaldien programazioan jarri dugu energia osoa, Eztena bilakatu den erakusleihoari eusteko eta, ohiko moduan, antolakuntza mailan zein edukietan arriskuak hartzen dituzten proiektuei plaza bat emateko”.

Gaur, ekainaren 18an, Gasteizko lau konpainia gonbidatu dira, Orereta Meets Gasteiz izeneko saioan. Ekimenaren helburua “Gasteizko antzerki mugimenduaren lagin batzuk eskaintzea da, eta sortzaileen arteko elkar ezagutza bultzatzea”. Tranpola, Pez Limbo, Hara Nori eta  Kolectivo Monstrenkoren piezak ikusteko abagune ederra.

Gaur ere, Dejabu konpainiak eta Rodriguez & Ndungmandum-ek Naon Tokin lanaren estreinaldia egingo dute. Dejabu konpainiaren azken proposamena “narratiba eszeniko berrien bilaketan sakontzeko nahi batetik abiatzen da, ikusleak arte eszenikoak modu berri batean bizitzeko artefaktu bat sortzeko gogotik. Eszena formatuaren poetika eta abstrakzio gaitasunean sakontzeko desiotik. Atrakzio sentikorra da Naon Tokin. Interbenitutako eraikin publiko batean zehar ikusleak egingo duen bidaia bat”.

Larunbatean, Formol laborategiak Album piezaren aurrestreinaldia egingo du (ZUBI deialdia). “Zer egiten du ostruka batek arrainontzi batean? Ba al dago denon bistan egon eta ezkutatzea baino gauza miserableagorik? Derrigorrezkoa al da belaunaldi bat hiltzea hura omendu ahal izateko?”

Azkenik, igandean, gauza askoren artean, 18:00etan eta Niessen Auditorioan, Olatz Gorrotxategik 43º13’44”N lana egingo du. Egileak bere familiaren memorian egindako bilaketa prosezuaren emaitza da lan hori. Eta azken zita, 20:00etan izango da, leku berean, Horman Poster kolektiboak egingo duen Antigone lanarekin.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button