IKUS-ENTZUN

Euskaratutako beste lan bat zinema-aretoetan

Sablehortz kapitaina eta Greleko kondesa filma Euskal Herriko hainbat zinema-aretotan (Florida Zinemak eta Gorbeia Zinemak (Gasteiz), Golem Alhondiga (Bilbo), Golem La Morea (Iruña), SADE Cines (Donostia) eta Niessen (Errenteria) ikusi ahalko da gaurtik aurrera, Zinema Euskaraz programaren barruan. Publiko orokorrari zuzendutako film norvegiarra euskarara bikoiztuta ikusi ahal izango da.

Filmak honako hau kontatzen du: “Raven eta Pinky bi lagun banaezin dira. Sable-hortz kapitain beldurgarriarekin (zazpi itsasoetako erregea) ari dira nabigatzen. Haien arteko adiskidetasuna kolokan dago, Sibylla kondesak itsasontziari eraso egin, brankako maskaroia lapurtu eta Pinky bahitu baitu. Kolpe horren atzean plan are handiagoa ezkutatzen da: kapitaina harrapatu eta zazpi itsasoetako erregina aldarrikatzea. Lagunaren patua eta etxea arriskuan daudela, Raven tripulazioarekin elkartu da kondesa geldiarazteko bidaia epiko batean”.

Zineuskadik sustatuta, aurten euskaratuta ikusiko dugun bederatzigarren lana da. Zinema Euskaraz programaren helburua euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzea da, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak babestuta, haur zein gazteei zuzendutako filmak bikoiztuz eta zinemagintzan euskararen hedapena bultzatuz.

Datozen hilabeteetan, beste film batzuk ere ikusia ahalko dira pantaila handian: Supercharlie (urrian) eta El tigre perdido (azaroan).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button