BESTELAKOAK

Euskal musikagintzaren azken 50 urteetako azalak liburu batean bilduta

Emankor Sareak euskal musikagintzaren azken bost hamarkadetako diskoen azalik esanguratsuenak bildu ditu Azaletatik Sustraietara liburu mardulean. Tapa gogorrekin eta kolore biziz jantzita datorren formatu handiko alea gozamena da irakurlearentzat. Liburua, gainera, egitasmo zabalago baten baitan dago. Izan ere, datorren urtera begira, martxoa edo apirila aldera, azalen erakusketa ibiltaria egingo dute, ikastetxeetako gaztetxoenek euskal musikagintzaren historiaren berri izan dezaten. Proiektua kontzertu bira batekin borobilduko da.

Amets Rodriguez Sancho proiektuaren zuzendariak, Alberto Bocos koordinatzaileak eta Edorta Jimenez testuen arduradunak parte hartu dute gaur goizean egin duten aurkezpenean. Hirurekin batera Gonzalo Olabarria Bizkaiko Foru Aldundiko kultura zuzendaria izan da.

Jimenezek azaldu duenez, liburua bost hamarkadetan egituratuta dago eta atal bakoitzaren sarrera idazle batek egin du: 60koa Jose Angel Irigarayk egin du, 70ekoa Edorta Jimenezek berak, 80koa Itxiar Bordak, 90ekoa Harkaitz Canok eta XXI. mendeko lehen hamarkadaz Kirmen Uribe arduratu da. Xabier Montoiak halaber, hamarkada horietako bere lan kutunen iruzkinak egin ditu. “Montoiak ohi duen bezala bere ikuspegi heterodoxoa eta kritikoa agertuko du; esate baterako, 90eko hamarkada Maddi Oihenarten Hari Biru diskoa aukeratu du”. Idazleez gain, hainbat musikari eta musika arloko profesional eta kazetariren iruzkinak irakur daitezke. “Horietako batzuk barrea eragiten dute”, nabarmendu du Bocosek.

Hala, Jose Antokio Villaren Basque Party, Mikel Laboaren Bat Hiru, Txomin Artolaren Belar Hostoak, Orquesta Mondragonen Muñeca Inchable, Eskorbutoren Anti Todo, Los Bichosen Color Hits, Su Ta Garren Jaiotze Basatia, Cancer Moonen Floc, Colibri, Oil, MCDren Jódete edo Berri Txarraken Payola dira agertzen diren azalak. Orotara 600 azal inguru. Iruzkinak txertatu dituztenen artean, berriz, Luis (Beltza Records), Nico (MCD), Francis (Doctor Deseo), Fermin Muguruza (Kortatu eta Negu Gorriak), Anjel Valdes (M-ak eta Elkar diskoetxeko arduraduna) edo Oscar Cubillo kazetaria.

Liburuan parte hartu dutenek gehien nabarmendu dituzte bost azalak honakoak dira: Hertzainaken estreinako lan homonimoa, Laboaren Bat Hiru, La Polla Recordsen Salve, Cicatrizen Inadaptados, eta RIPen No te muevas. Beraz, 80ko hamarkadako punk kutsuko lanak gailendu dira.

Edorta Jimenez txundituta agertu da Euskal Herriko musikari erdaldunek euskaraz eginiko musikaz duten ezagupena. “Esate baterako Mikel Erentxun batek Laboa aipatu izana”. Alde horretatik aurreiritzi asko ezaba ditzakeela azaldu du. Emakumeek euskal musikagintzan izan duten partaidetza txikia ere azpimarratu du.

Liburuaren diseinua Bilboko Vudumedia estudioak egin du eta bertako Sergio Llanos diseinatzaile eta musikariak, baita liburuko iruzkingileak ere, esan digu estetikoki 60ko hamarkada ikaragarria dela, baita 70ekoa ere, artelanak biltzen direlako. Horretaz gain, iruzkinak askoz mamitsuagoak direla nabarmendu du, “hamarkada zaharrek horretarako aukera gehiago eskaintzen baitute”. Bocosek diseinatzailearen hitzak berretsi ditu: “lehenengo 30 urteetako ondarea itzela da, esate baterako, Zumetaren azalak obra bikainak dira”.

Bestalde, Edorta Jimenezek egitasmoaren alde historikoa nabarmendu du. “Euskal Herriko Kartelak egitasmoan ere parte hartu nuen aspaldi, eta honi antzeko trazak hartzen dizkiot”. Edozelan ere, liburuak gehienbat musikariaren eta azalaren arteko harremana jorratzen duela azpimarratu du. “Zelan ikusi duten musikariek azalaren eta mamiaren arteko harremana”. Bocosek, berriz, azalen garrantzia nabarmendu du, izan ere, liburuaren ardatza azalen alde estetikoa da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button