LITERATURA

“(Euskal) Literaturaren kontra (eta alde)” liburuaz arituko dira gaur Iban Zaldua eta Iñigo Astiz

Bilboko Loraldia Festibalak Iban Zalduaren (Euskal) Literaturaren kontra (eta alde) liburuaren gaineko solasaldia ondu du, gaur, Poza kalean dagoen Elkar saltokian. Bertan, Iñigo Astiz kazetari eta idazlea eta Zaldua bera arituko dira solasean, 19:00etatik aurrera.

Begi zorrotzekoa eta esku zehatzekoa da Iban Zaldua euskal literaturaren disekzioa egiten hasten denean. Eta hala egin du beste behin, (Euskal) literaturaren alde (eta kontra) (Elkar) saiakerarekin.

Behinola balizko literatur kritikarako eta beste burutazio literariorako plaza zen Volgako Batelariak gogoan hartu eta horri liburua dedikatu dio, izan ere bertatik asko edan du Zalduak. Baina dedikatoria hori baino lehenago Mikel Ayerbek hitzaurrea idatzi dio, eta bertan esaten zaigu “saio, artikulu, dekalogo eta manifestu bilduma” baten aurrean gaudela. “… (euskal) idazle izan eta (euskal) kritikagintzan aritzeaz gain, oso kritiko eta are autokritiko jarduten baitu irakurtzen eta idazten duen ororekin, berarentzat nahi ez duena besteentzat ere nahi duelako, baina ez alderantziz, besteak konformatzen direnarekin konformatzen ez den norbait baita testuon egilea. Horregatik suertatzen da zenbaitetan deseroso hainbat irakurlerentzat, egiek min eman dezaketelako. Baina hori guztia umorez umotua eskaintzeak gainbalioa eransten dio liburuari…”.

Lan honetan, eta argitaletxeak bidalitako oharrean irakur daitekeenez, azken hamar urteetako hausnarketen eta burutazioen bilduma dago. “36 artikulu biltzen dira guztira, lau atal nagusitan banatuta: Manifestuen eta dekalogoen alde (eta kontra), Euskal literatuaren kontra (eta alde), Literaturaren alde (eta kontra), Kritikaren kontra (eta alde).

Liburuak ere Post-Scriptum luze bat dakar, non artikulu bakoitzari buruzko oharrak eta xehetasunak ematen diren. Azkenik, Zer egin daiteke kontrazala bat betetzeko? izeneko atala erantsi du aholku zenbaitekin.

Argi dago liburuaren usaina ironia dela, horixe baita Zalduaren testuen ezaugarri nagusietakoa, baina batak ez du bestea kentzen, eta zorrotz eta kritiko aritzen da orokorrean gure euskal literatura tipi horren inguruan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button