
Diziplina anitzeko emakume kolektibo batek zuzenduko du hemendik aurrera Huarte Zentroa. Oskia Ugarte, Nerea de Diego, Betisa San Millán eta Elisa Artetak osaturiko taldeak Huarte Arte Garaikideko Zentroa gidatuko du etapa berri honetan, arte produkzio toki gisan, eta hezkuntzan arreta berezia jarriz, eta era berean, artista eta beste zentroen arteko harremanak eta lanak saretuz.
Nafarroako artisten babesa ere sustatuko da, eta horiek daramaten ildo artistikoa ere bai. Horretarako hainbat linea estrategiko berri planteatu dira, hala nola, hazkuntza eta genero esparruan aritzea, gizarte eta publikoak inplikatzea, edota hizkuntzaren dibertsitateari arreta jartzea.
Berez, Huarte Zentroaren jarduera arte garaikidearekin zein sorkuntza gaurkoenarekin erlazionatutako erakusketa eta jarduerak hartzeko bereziki pentsatuta egon da orain arte, eta arte modernoari lotutako jarduera paraleloek hala hainbat sorkuntza-arloetako (arte eszenikoak, diseinua, arkitektura, musika, zinema, literatura, komikia…) arte-adierazpen mota guztiek izan dute tokia. Izan ere, 2007ko urrian inauguratu zen Uharten dagoen (Iruñetik 5 km-tara) zentroak 6.500 m2 ditu, eta orain arte, 2009tik hona, Nafarroako Gobernuak kudeaketa bere gain hartu du.
Zentroak hainbat helburu izan ditu: ekoizpen artistikoa bultzatzea eta nafar sortzaile gazteentzako erreferentzia-espazio izatea, arte garaikidearen gizarterako garrantzia agerian uztea eta norberaren proiektuak diseinatzeko eta garatzeko. Zentro esperimentala izatea, baita mundu garaikidean ernatzen ari diren mintzaira berriei eta ideia artistikoei erantzuna ematen saiatuko den elkarren harremanerako espazioa ere.
Hemendik aurrera, Oskia Ugarte, Nerea de Diego, Betisa San Millán eta Elisa Artetak osaturiko taldeak Huarte Arte Garaikideko Zentroatren ardura hartuko du, eta ibilbide berria garatuko du.