BESTELAKOAK

Euskal kultura pandemiapean, “Jakin” aldizkarian

Jakin aldizkariak Eta orain zer? galdera proposatu die hainbat adituri euskal kulturaren pandemiaren ondorenaz hausnartzeko, eta kultur arloko bederatzi lagunen gogoetak bildu ditu azken aleak.

Testu nagusia, Hekatonbearen urtea: kultura, automaitasuna eta polimaitasuna izenekoa, Katixa Agirrek idatzi du, eta bertan kulturaren balioaz, lekuaz, kultur profesionalen egoeraz, autopertzepzioaz, aukerez hausnartu du idazleak.

Alberto Barandiaranek, Olatz Osak eta Xabier Landabideak hainbat gogoeta egin dituzte: Durangoko Azokaz,  pandemiak utzitako plaza desokupatuez, emakumeek literaturan hartutako lekuaz, pandemiak agerian utzitako erronkez,…

Pandemiaren bizipenez eta osteko aldaketez hausnarrean aritu dira Edurne Azkarate aktorea, Igor Elortza bertsolaria, Xabier Gantzarain Dinamoa Sormen Guneko koordinatzailea, Katti Pochelu Gastibeltza Films ekoiztetxeko kidea eta Castillo Suarez idazlea, Itziar Ugarte kazetariak gidatuta.

Azkenik, Joan Mari Torrealdaik urtez urte liburugintzan egindako lan eskergari segida eman nahi dio Jakinek. Horretarako, 2018ko euskal liburugintzaren datuak aztertu ditu Xabier Eizagirre erredakzio buruak.

Gogoetak laguntzeko Dani Fano, Eider Eibar, Josevisky eta Nerea Unanua marrazkilariek hainbat ilustrazio egin dituzte.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button