LITERATURA

Letrak eta futbola, futbola eta letrak

Athletic Club Fundazioak eta Foru Liburutegiak antolatuta mahai-inguru eta hitzaldien ziklo abiatu zen joan den otsailaren 7an, gaur zazpi. Helburua futbolariak eta idazleak futbola eta literaturaren inguruan aritzea da. 

Hernán Casciari eta Enric González bikotearen mintzaldiarekin hasi ziren jardunaldi hauek. Gaur, Edorta Jiménez, Andoni Egaña eta Lutxo Egia idazleak arituko dira Diputazioko liburutegian, 19.00etan.

Zertan izango den mintzaldia jakiteko, Lutxo Egiari galdetu diogu.
“Futbolak toki garrantzitsua betetzen du gure gizartean. Inork ezin dio haren eraginari muzinik egin. Eragina askotarikoa da: soziala, ekonomikoa, identitarioa… Eta literatura ez da, noski, salbuespena.
Literaturak, fikziozkoa izan zein ez, ikuspuntu askotatik heltzen dio: identitatea, globalizazioa, ustelkeria… Fikzioan, askotan, futbolaria, gaur egungo heroi petoa, antiheroi bilakatzen du, galtzaile. Gizakiaren bakardadea edo porrota adierazteko erabiltzen du.

Futbolari lotutako literatura ugari dago. Amerikarren lanak dira ezagunenak eta baloratuenak (Galeano, Benedetti, Villoro, Fontanarrosa, Bolaño bera…). Baina Europako idazleek ere lan bikainak plazaratu dituzte. Adibidez, Nick Hornby ezaguna da Hight Fidelity idatzi izanagatik, baina badu lan zoragarri bat: Fever Pitch.

Gure artean ere futbola ez zaio literaturari arrotz. Nobelak idatzi dituzte Joan Mari Irigoienek (Odolean neraman), Xabier eta Martin Etxeberria anaiek ere (Ez dadila eguzkia sartu). Ipuin ederrak Xabier Montoiak eta Jose Luis Otamendik. Futbolarekiko harremana ikusten dugu, baita ere, Atxagaren Gizona bere bakardadean. Saiakerak argitaratu dituzte Joseba Gotzonek edo Xabier Azkargortak. Ipuinak Andoni Egañak eta Aingeru Epaltzak haur-literaturan”.

Datorren saioan Aitor Lagunas (Panenka), Eduard Sancho (Contra Ediciones) eta Emilio Sánchez Mediavilla (Libros del KO) adituek hartuko dute parte. Eta azken saioan, Elena Medel eta Manuel Vilas idazleek.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button