ARTEA

Esther Ferrer artistaren ibilbidea berrikusteko parada

Esther Ferrer: denbora-hariak izeneko dokumentala (Josu Rekalde, 2020) Bilboko Dokumental eta Film Laburren Jaialdiaren 62. edizioan estreinatu zen, azaroan. Hil honetan, urtarrilaren 14a eta 28a, 19:00etan, berriz ikusi ahalko da Bilboko Arte Ederren Museoan. Esther Ferrer espainiar sortzaile handienetako bat da performancearen generoan, eta Arte Plastikoen Sari Nazionala lortu zuen 2008an, eta Vélazquez Saria 2014an.

Ikus-entzunezkoak Ferrerrek ekintzaren eta performancearen artean egindako lan aitzindarian jartzen du arreta, eta bereziki, “espazio geometriko eta zientifiko nabarmenagoa duten ekintza artistikoetan”.  Lanaren abiapuntua artistaren ekintza bat da, John Cage (Los Angeles, 1912–New York, 1992) musikagileak Bolonian (Italia) antolatutako taldeko ekimen baten testuinguruan. John Cage da, beharbada, Ferrerren lanaren erreferente nagusietako bat. John Cageren trena. Isiltasun galduaren bila izenburuko proiektua hiru egunez egin zen (ekainaren 26an, 27an eta 28an), “Boloniatik irten eta egun horietako bakoitzean helmuga berri bat zuen tren baten barruan. Ferrerrek bagoi haietako batean esku hartu zuen: zoruan zenbakiak idatzi zituen klarionaz eta hariez bete zuen espazioa. Horrela, instalazio espazial bat sortu zen: ibilbide bat marrazten zuen, parte-hartzaileak inplikatuz, non denbora eta haren irudikapena lotzen baitziren. Denboraren haria izenburua jarri zion ekintzari”.

Esther Ferrer: denbora-hariak ikus-entzunezko hibrido bat da, “dokumentalaren eta performancearen artekoa, erregistroaren eta sorkuntzaren artekoa, non dokumentalaren berezko osagaiak eta teknikak erabiltzen baitira (esaterako, artxiboko materiala erabiltzen da edo Ferrerren jardun artistikoa eta bertako alderdi zehatzei buruz sortzaileak berak dituen iritziak erregistratzen dituzten grabazioak txertatzen dira); horiei, animazioko osagaiak eta horretarako berariaz sortutakoak gainjartzen zaizkie”.
Rekalderen hitzetan, ez da “begirada historizista, biografiko edo hagiografiko bat; aitzitik, elkarrizketa joko bat bezala planteatzen da, elkarrizketak orainaren eta iraganaren, artearen eta zientziaren, artearen eta gizartearen, artearen eta denboraren… arteko elkarrizketa joko bat bezala”.

Esther Ferrer: denbora-hariak dokumentalak hainbat bertsio ditu, euskarazko, ingelesezko eta frantsesezko azpidatziekin.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button