
Tabakalerak zientziaren, pentsamenduaren, artearen edo zinemaren munduan erreferenteak diren tokiko eta nazioarteko hogei bat pertsonek kulturaren zentzuari buruz duten iritzia bildu du ikus-entzunezko sorta batean.
Ikus-entzunezko seriea “egungo kultura-ereduari eta hitza bera birpentsatzeko beharrari buruz hausnartzeko ideiarekin sortu zen. Elkarrizketetan, parte-hartzaileek kulturarekin erlazionatutako hainbat gai aztertzen dituzte, hala nola herritarrek kulturan eta gure garaiko arazoak konpontzen aktiboki parte hartzeko espazioak prestatzeko beharra, diziplinak gurutzatzearen garrantzia, artisten prestakuntza eta profesionalizazioa. Halaber, denboraren kontzeptuak funtsezko balioa hartzen du, beharrezkoa baita edozein aldaketa sozial, zientifiko edo kulturali ekiteko”.
Hori guztia bildu da Morgancrea ekoiztetxeak garatutako Tabakalera-denbora ikus-entzunezkoan. Hala, kulturaren etorkizunaren inguruko ikuspegi berri bat planteatu nahi da, eta zentroaren bost urteak berrikusteaz gain, bertan sustatu diren baloreak azpimarratu nahi dituzte. Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendariak esan duenez: “Erakundearen bosgarren urteurrenean etorkizun posibleak irudikatzen lagundu nahi izan dugu, Tabakalera-denbora programan parte hartu duten pertsonen begirada eta hausnarketen bidez.”.
Ikus-entzunezko sailaren argitalpena gaur, otsailak 11, egingo da, eta horretarako, Beatriz Herraez Gasteizko Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoko zuzendaria, Itziar Okariz artista eta Eider Rodriguez idazlea bilduko dira elkarrizketan.



