
BilbaoArtek Errealitate Bideo-politiko Berriak izeneko ikus-entzunezko sormenaren jaialdiko lanak proiektatuko ditu bihar eta etzi, apirilak 3 eta 4, 19:30etatik 20:30era.
Jaialdiak ahalduntze politiko berriak jorratzen ditu, hala nola, 2001. urteko Argentina, Udaberri Arabiarra, 15M-ko herritar mugimendua, Greziako erresistentzia, Londreseko manifestazioak, Txileko ikasleen altxamendua edo Latinoamerikako indigenen borroka.
Hala, ekimenak subjektibitateak bateratu nahi ditu bideoaren bitartez. Izan ere, bideoa funtsezko tresna izaten ari da gizarte mugimenduetan bere erabilerraztasunari esker. Bideoari esker hainbat testuinguru eta gertaera soziopolitiko hedatzeko, hausnartzeko eta ulertzeko modu berriak sortzen ari dira, ohiko hedabide handien filtroa gaindituz.
Horrela, jaialdia hainbat lanen erakusleiho izan ez ezik, hausnarketarako eta analisirako tokia ere bada. Hernan Bula eta Iker Fidalgo artistek koordinaturiko jaialdia mundu osoko 17 hiritan ikusi ahalko da.
Lehenengo egunean 90 minutuko proiekzioa egingo dute eta bertan makina bat lan labur eskaintzeaz gain, zenbait artistek ere parte hartuko dute, Vacas lana zuzendu duen Gabriela Golder argentinarra, A vuelo de pájaro. Democraticemos la Democracia! filmatu duen Daniel G. Andujar espainiarra eta Rusia (Lugares que no existen. Goggle Earth 1.0) lanaren bi egile espainiarrak, Isaki Lacuesta eta Isa Campos.
Etzi ikusi ahalko den proiekzioak 97 minutu iraungo du eta bertan El Año en que el Futuro Acabó (Comenzó) lanaren zuzendari den Marcelo Exposito espainiarra eta El juego de la Vida. G.A.C lana egin duen Argentinako Grupo de Arte Callejero-ko ordezkariak izango dira.
Egun bietan 40tik gora lan proiektatuko dira. BilbaoArteren webgunean egitarau osoa jasotzen da.



