EZLEKUBAT

“Pentsalaria” gure artean

Plan baten jaiotza eta heriotza. Plan bat norbaiten gogotik sortzen da (“Aizu! Rodinen bi lan Gasteizera ekarri dituztela entzun dut. Agian joan gaitezke). Beste norbaiten onespenarekin hazten da (“Iruñea-Gasteizerako trena har dezakegu, bertan bazkaldu eta eguneko plana egin”). Eta telefono dei batekin bukatzen da (“Haurrak oso gau txarra eman du eta badirudi sukarra pixkat duela. Sentitzen dut”). Planaren arima airean gelditzen da, orain da momentua: edo heltzen diozu edo betirako joango da (“Beno, edozelan ere, gu joango gara. Plana eginda geneukan eta”).

Guztion ezaguna denez Rodinen Pentsalaria eta Calaisko Burgesak egun hauetan Gasteizen ikusgai izan dira. Caixaren Fundazioaren eskutik bi lan ospetsu hauek urteak daramatzate amaigabeko biran penintsulan zehar. Bartzelonan, Zaragozan, Madrilen… Estatuak izateko ez da gutxi! Esaten dutenagatik, Rodinen asmoa ez zebilen oso urrun, hau da, bere lanak mugitu eta jendeak ikusi ahal izateko grina izan zuen beti. Jenio gehienei suposatzen zaie izaera ameslaria bere arloan. Baina Rodin ez zen ameslari hutsa, sortzailea zen, eta horrek errealitatea beste modu bat ikustera eta erakustera eramaten zuen. Berak maisulanak baino sinboloak sortzen zituen. Zer da gaur egun Pentsalaria, sinboloa baino? Tamalez, denborak normalean ez die artistei justizia egiten. Bere ondasuna mantentzen du, baina bere esangura behin eta berriz aldatzen du beharren eta nahien arabera. Kamisetetan, posterretan eta baita bideojokoetan ikusten dugu eskultura hau. Arrazoiaren monumentua dela esaten digute… baina hausnarketa eta arrazoia gauza bera al dira? Arrazoiak ez du sendoa izateko asmoa, hausnarketa malgua den bitartean? Zeinek du arrazoi? Rodinek ala rodinzaleek?

Andra Mari Zuriaren Plazan ostalari berria dugu. Bere ingurua ikusita Pentsalari gizajoak zer pentsatzen ote duen asmatzen saiatzen gara: “Non demontre nago gaur?”. Gasteiztarrek beraien hirian eskultura ospetsuak turista bilakaturik argazkiak ateratzen dituzte. Pozik daude “artea behingoz kalera atera delako”. Artea brontzezkoa bada eta DBHko liburuetan agertzen bada askoz arteagoa delako. Baina nik keinu arraroa sumatzen diot. Ez dakit. Testuinguruak gehiegi pisatzen du. Zergatik jarri dute plaza horretan eta ez beste inon? Collage batean dagoela dirudi. Ez dut kontzentratuta dagoenik sinesten.

Antza denez, Rodin gazte-gaztetik jendeak kontra egitera ohitu zen. Orduko Arte Ederretako Eskolan sartu nahi izan zuen baina ez zuten onartu. Urteak pasata, eta errespetua eta ospea irabazita, bere gustukoa zen oso lan pertsonalari ekin zion: Danteren unibertsoa irudikatuko zuen bertan agertzen ziren sinbolo guztiei erreparatuz, aurpegi, jarrera eta keinu bilakaturik. Baina bere proiektu kuttuna ez zen aurrera atera eta Pentsalaria, Dante bera izan behar zuena, betirako isolatua gelditu zen harri baten gainean. Esangurak ondoren atera ziren. Infernuaren ateetan zegoen gizon hausnartzaile hori, egungo arrazoiaren apologiaren koartada bilakatu zen. Ziria sartu zioten berriz.

Etxerako bidean badakit nire lagunak ea zer iruditu zaidan galdetuko didala. Nola esan ez dudala berak pentsatutakoa sentitu? Nola onartu  horrenbeste miresten dugun eskultura Gasteizen ikusteak Gasteiz bezain hotz utzi nauela? Jakina artea kalean egon behar duela (eta gure kaleetan bada, hobe!) baina… edonola? Testuinguruak ez lioke eskulturari babesa eman behar eta ez kontrakoa? Gasteizek baditu milaka bazter non Pentsalaria gusturago egongo zen. Bera mugitzen bada, guk ez genuke gauza bera egingo bera ikusteko? Zer da estatikoagoa: eskultura bat edo gure begirada?

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button