LITERATURA

Erein argitaletxearen azken lanak kalean

Jokin Erkorekak Banda (Erein) poema-bilduma aurkeztu zuen Bilboko Udalaren Bidebarrieta Kulturgunean joan den barikuan. Jokin Erkorekaren poema-bildumak sari gorena eskuratu zuen Blas de Otero Poesia Lehiaketaren azken edizioan, eta epaimahaiak nabarmendu zuen testua, “ohi dena baino laburragoa izan arren, oso zehatza dela, eta biribila, egitura osatzerakoan. Irratsaio baten moduan landua, erritmoa bilatu du, poema luzeak eta laburrak tartekatuta, gaia poema laburretan iradokiz, baina, gero, tarte luzeetan ere agertuz. Hiria eta natura bildu ditu, naturaren milaka zertzelada bilatu dituen poema-bilduma batean. Sarri askotan, poetak tonu apokaliptikoa erabili du; eta, beste batzuetan, barneko babesa bilatu du, begiradaren indarra maila sinbolikora jasoaz eta gizartearen okerbideak argituz. Liburu kultua, sentibera eta gordina da Banda. Ez dauka ez iraganik ez etorkizunik: orainaldia, besterik ez.”

Aste honetan, 9mm Parabellum izeneko lanak ikusi du argia. Egilea Migel Anjel Mintegi Larraza da. “Martin sorterrira itzuli da. Behartuta joan zen eta behartuta itzuli da, amaren hiletetara. Joan zenean bizitza oso bat utzi zuen herrian, urte askotako une on eta txarrak, azken aldikoak oso txarrak. Ez ditu ahaztuak, ezin du, baina iraganaren itzaletan zokoratuak ditu. Itzulerak, ordea, argitara atera ditu, eta Martinek berriz ere topo egingo du maite zuen emakumearekin, alaba galduarekin, familiarekin, lagunekin, lagun izandakoekin eta aurkariekin…Eta ezkutaleku batean gordeta utzi zuen garai hartako zoritxarreko oroigarriarekin”.

Eta bihar, hilak 24, Goizalde Landabaso-Etcheverry idazleak Krakovia izeneko lana aurkeztuko du. “Lasai egoteko, minik ez duela ematen eta ni emakume indartsua naizela munduari aurre egiteko. Super indartsua, aizu, baina hemen nago burdinazko helduleku bati lotuta eta zulo sakon batekin izterrean. Baina ondo, e! Eta animotsu, gaur ez bainaiz hilko. Renteriari esan diot odola ez nahasteko, eta superbotereren bat duen norbaiten odola pasatzeko. Spider Woman edo Bat Woman izateko aukera eman diezadatela. Barre egin du, Superni izatearekin konformatu beharko dudala, eta ez arduratzeko, odol-bankutik fresko-fresko ekarriko didatela odola”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button