EZLEKUBAT

Mexikarrak, mozorrotuak eta instrumentalak

Iragan ekainaren 21ean, Bilboko Ambigu tabernak bere hamargarren urteurrena ospatu zuen Kafe Antzokian egindako kontzertu eta festan. Bertan, Bartzelonako Super bikoteak eta Mexiko DFko Austin TV taldeak jo zuen. Nontzeberriko kide bat bertan izan zen, eta jarraian irakurriko duzuen elkarrizketa emanaldiaren ostean adostu zuen, Ricardo Cavolo artista espainiarrak diseinatutako taldearen kamiseta esku pilotako pilota batengatik trukatzen zuen bitartean Chio San taldekidearekin.

Boskote mozorrotua bira egiten ari da Espainian barrena, eta e-postaz erantzun digu. Mexikarren hainbat musika estiloren eraginekin jositako rock instrumentala jotzen dute. Hala, euren jarioan pop melodiak, surf musikaren bibrazioa, giro zaratatsuak, tarte elektronikoak eta hardcore kutsuko suminaldiak antzematen dira. Oraintsu Caballeros del Albedrío izenburuko bigarren lana argitaratu dute.

Nolakoa izan zen Bilboko Kafe Antzokian egin zenuten kontzertua?

Abuztuaren 23ra bitarte izango gara Espainian, eta kontzertuak egingo ditugu hiri batzuetan. Europako jaialdietan joko dugun lehen aldia da; hortaz, oso hunkituta gaude! Antzokikoa lehendabiziko kontzertua izan zen, eta oso ona izan zen. Ambigu tabernaren urteurrenaren jaialdian, eta zoragarria izan zen! Jendea liluratuta zegoen, tokiak oso akustika ona zeukan, eta asko gustatu zitzaigun! Hasiera batean, uste genuen jendeak ez zigula kasurik egingo festa zela-eta, baina jendea adi zegoen, eta hitz onak jaso genituen!

Zer ematen dizue areto txikiagoetan eta Mexikon adina ezagutzen ez zaituzteten ikus-entzuleen aurrean jotzeak? Zein motatako kontzertuak atsegin dituzue gehien?

Asko gustatzen zaigu sekula entzun ez digun jendearen aurrean jotzea, belarri berrien iruzkinak jasotzea beti baita ona. Espainian aurretik egindako kontzertuetan oso hitz interesgarriak jaso genituen ikus-entzuleen aldetik. Asko gustatzen zaigu toki txikietan zein handietan jotzea, giro ezberdinak izan arren; esaterako, areto txiki batean jende oso gertu duzu, eta intimitate hori senti dezakezu, zure etxeko egongela egongo bazina bezala; show handiagoetan, berriz, begirada eta belarri askoren potentzia daukazu batera, eta lotura hori senti dezakezu, distantzia urrunagokoa izan arren. Asko gozatzen dugu bietan egiten dugunaz.

Zein esanahi dute erabiltzen dituzuen maskarek? Ikuskizunaren zati bat dira edo Mexikoko kultura ezagutarazteko asmotik sortu al dira?

Taldearen hastapenetan erabaki genuen mozorroak erabiliko genituela, eta mozorro horiek aldatu egiten dira diskoz disko. Jendeari esan nahi dioguna da, bost axola duela nor dagoen maskararen atzean, garrantzitsuena musika dela, eta talde gisan sortzen duguna. Egun bizitza bonbardaketa estetikoz beteta dago: nola jokatu behar eta ikusi behar duzuen zure burua. Ez gatoz bat horrekin. Hori dela eta, jendeari beti esaten diogu “zure aurpegia bost axola; zu zara garrantzitsuena”.

 


Zein talde dituzue eredu ? Eta bestelako eraginik ba al duzue?

Taldekide bakoitzak bere kuttunak ditu, baina, era berean, kuttun horietako asko guztiok maite ditugu, horrek zaporea ematen dio guztiari! Hau da, askotariko eragin gehiago, eta horrek guztia zaporetsuagoa egiten du! Duela 11 urte eratu zen banda, eta 90eko urteetako Kaliforniako punk rockari esker hasi ginen elkarrekin jotzen eta elkar ezagutzen. Apurka, taldekide bakoitzak bere bidea hartu du, bide ezberdinak, baina beti daude gauza komunak. Austin TVk betidanik izan duen beste eragin garrantzitsuenetarikoa zinea izan da, gure lehenengo diskotik, non asko gustatu zaizkigun filmetako ahotsak sanpleatu genituen. Caballeros del Albedrío gure azken lanean erabili genuen konposatzeko modua ere zenbakietan eta zinean oinarritu zen.

Herrialde askotan jo duzue, non gustatu litzaizueke gehiago jotzea?

Latinoamerikako hainbat herrialdetan jotzeko aukera izan dugu, bai eta AEBetan ere, baina oraintxe bertan oso pozik gaude hemen gaudelako, non munduko alde honetako lehendabiziko kontzertuak egingo ditugun. Londresera itzultzea asko gustatuko litzaiguke gehiago jotzeko, eta bira bat egitea Europako zenbait herrialdetan barrena, Alemania, Estonia, Frantzia, Portugal… ahalik eta gehien! Eta zergatik ez? Baita Ubomo eta Israel ere!

Zeintzuk dira zuen etorkizuneko egitasmoak?

Une honetan Espainian egingo ditugun kontzertuetan murgilduta gaude, eta emanaldiok gure energia eta kontzentrazio osoa eskatzen dute. Internet bidezko Crowdfunding proiektua ere abiatu dugu bi hilabeteko bira hau egitea ahalbidetuko digun dirua jasotzeko. Webgune horretan produktu bereziak aurkitu ahal izango dituzue, eta gauza gehiago ere, beti ere, guri laguntzeko asmoz. Hortaz, begira ezazue, eta lagun iezaguzue zabaltzen, horrela, helmugara iritsiko gara elkarrekin, asko eskertuko genizueke!

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button