ARTEA

Zentsura At! jaialdia gaurtik aurrera

 

Gaur hasita, eta azaroaren 15era bitartean, Zentsura At! jaialdiaren beste edizio bat abiatuko da Bilbon.

“Entzun nahi ez dena esango dugu. Ikusi ezin dena erakutsiko dugu. Ez diogu inori kultura geldiarazten utziko. Ahoko bizarrik ez duen jaialdia dator beste urte batez, Zentsura At!
Arte eszenikoen gaineko zentsura estatuek, herrialdeek, hezkuntza sistemek, familiek, irabazleek eta presio-taldeek erabiltzen dute; eta gehienetan nazioarteko giza eskubideen hitzarmenak bortxatzen dituzte”.

Gaur izango da ekimenaren lehen hitzordua: Estela B. de Carlottoren hitzaldia (Maiatzeko Plazako Amamak taldearen presidentea). Bihar hasiko dira, halaber, kontzertuen txanda Italiatik datorren Banda Bassotti taldearekin. Asteazkenean, 20:00etan, Benito Lertxundiren kontzertua programatu da, eta ostegunean beste bat: Susheela Raman.

Ostiralean, proiekzioa eta geroko eztabaida antolatu dira: El Papus. Anatomía de un atentado izenburpean. Mahai inguruan David Fernandez de Castro (dokumentalaren egilea), Carlos Navarro (El Papusen bazkide sortzailea), Albert Turró (El Papuseko erredaktorea), Jordi Amoros (El Papuseko marrazkilaria), Maria Iranzo (El Papusi buruzko tesiaren egilea) eta Luis Gasca (moderatzailea).

Horri guztiari erakusketa berezi bat gehitu behar zaio. Izan ere, azaroaren 29ra arte DELETRIX erakusketa paratu da Foru Liburutegian. Erakusketan zentsuratutako testuak daude, Europako eta Ipar Amerikako liburutegi eta agiritegietan aldi desberdinetan aurkitu zirenak. Testu horietan ikus daiteke idazteko eta pentsatzeko askatasunak zein indarkeria jasan duen.
Foru Liburutegian ikus daitekeen DELETRIX erakusketan honakoak daude: Joan Fontcuberta-ren 15 irudi original, liburuen bi ale, bi kartel eta zentsuratuak izan ziren bederatzi liburu (Bizkaiko Foru Liburutegikoak).
Isilarazitako hitza/La palabra censurada du izena Joan Fontcuberta-ren lanak eta Bizkaiko Foru Aldundiak argitaratu du. 104 orrialdeko liburu honetan J. Fontcuberta-ren irudiak eta Carme Arenas, John Ralston Saul, Chenjerai Hove, Herta Müller, Emmanuel Pierrat, Salman Rushdie eta Manuel Guerrero Brullet-en testuak jasotzen dira.

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button