BESTELAKOAK

Donostiako XXI. Arkeologia Jardunaldietan, Irulegiko Eskua protagonista

San Telmo Museoaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatzen dituen XXI. Arkeologia Jardunaldiak otsailaren 7tik 10era gauzatuko dira. Adituek azken ikerketa arkeologikoekin lotutako gaiak landuko dituzte, tartean, Irulegiko Eskua.

Aurtengo Arkeologia Jardunaldien edukia honako egun eta gai hauetan antolatu da: gaur, otsailaren 7an, Elosua Plasentzia. Trikuharrien ibilbidea gaia jorratuko du Jesus Tapia Aranzadi Zientzia Elkarteko historiaurreko arkeologoak. Telesforo Aranzadik eta Joxemiel Barandiaranek trikuharriak eta tumuluak induskatu zituzten Urola eta Deba arteko mendietan duela 100 urte. Mende bat geroago, gaur egungo arkeologoak metodologia berriekin itzultzen dira toki horietara, aurkikuntza berriak lortuz; bihar, otsailaren 8an, Ana Maria Benito Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoa Iturritxiki. Getariako badiako urpeko arkeologia gaiaz mintzatuko da. Duela 500 urte, Flandesko urka bat hondoratu zen Getariako badian, kobrezko lingoteen kargamentu baliotsuarekin. Kargamentua berreskuratzea izan da euskal kostaldean urpeko arkeologiaren proiektu garrantzitsuenetako bat; otsailaren 9an, La costurera que encontró un tesoro cuando fue a hacer pis gaiaren bidez, gure inguruko arkeologia hurbileko aurkikuntza eta abenturarik handienetako batzuk kontatuko ditu Vicente Olaya adituak.
Azkenik, otsailaren 10ean, Irulegiko Eskua izango da protagonista. Pieza epigrafiko honen aurkikuntza 2022ko munduko aurkikuntza arkeologiko garrantzitsuenen zerrendan sartu da. Beraz, San Telmok eta Aranzadik ekitaldi berezi bat prestatu dute, arkeologia jardunaldien barruan eta publiko orokorrari zuzenduta. Aurkezpen horrek musika eta zientzia batuko ditu. Irulegiko aztarnategiko zuzendaria, Mattin Aiestaran, indusketari eta Irulegiko Eskuari buruzko hitzaldiaz arduratuko da, eta musikaz Oreka TX taldea eta Tom Lizarazu (Bulego musika taldea) arduratuko dira. Ekitaldia otsailaren 13an, astelehena, arratsaldeko 19: 00etan izango da Donostiako Antzoki Zaharrean eta euskaraz izango da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button