BESTELAKOAK

Santimamiñeko kobaren mendeurrena

Ehun urte bete dira Santimamiñeko kobak aurkitu zirenetik, eta data hori gogorarazteko  eta ospatzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak hainbat jarduera antolatu ditu hil honetan.

Programatutako jarduera guztiak bereziak izango dira eta tartean, jardunaldiak, erakusketak, zinema, lantegiak eta abar egongo dira. Hala, uztailaren 10ean, eguerdiko 12:00etan Santimamiñe zentzumenen bidez lantegia egingo da Santimamiñen bertan. Eta uztailaren 23an, egun osoko jardunaldia egingo da, 100 urte Santimamiñeko ondareaz gozatzen izenekoa.
Zine emanaldian bi film proiektatuko dira. Lehenengoa Historiaurrera bidaia izenekoa da, eta bertan, Begoña Zubiak zuzendutako film horretan EHUren ikerketa proiektu berezi bat erakusten da. Bigarren filmak Haitzuloetako artea du izena, eta Maximina Espesok zuzendu du. Film horretan, Diego Garate, arkeologoa eta Atxurrako irudien aurkitzailea, eta Juan María Apellaniz, Bizkaiko hainbat belaunalditako arkeologoen maisua, gogoetan aritzen dira Paleolitoko arteari buruz.

Musika ez da faltako baina oso musika txundigarria. Mixel Etxekopar musikariak Aspaldian ikuskizuna eskainiko du kobako atarian, ikusgarri musikal, artistiko eta gizatiarra osatuz. Berak indusketa arkeologikoetan aurkitu diren instrumentu zaharrak joko ditu, esate baterako, Nafarroa Behereko Isturizko leizean aurkitutako flautak, xirula, ttunttuna eta abarrekoak.

Ospakizun horien bitartez Foru Aldundiak Santimamiñeko kobaren balioa nabarmendu nahi du eta Bizkaiko ondarearen garrantzia erakutsi nahi die herritarrei. 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button