BESTELAKOAK

“Comète” bidaia klandestinoen kronika

Atzo goizean aurkeztu zen Azkuna Zentroan Comète, ihesbide sarea, erresistentzia sareen gaineko erakusketa zinez interesgarria. Prentsaurrekoan Azkuna Zentroaren zuzendari Lourdes Fernandez, Juan Carlos Jimenez Aberasturi historialaria eta erakusketako aholkularia, eta Carlos Rodriguez eta Asun Lasarte komisarioak bildu ziren, behar beste xehetasun emateko.

Asun Lasarte komisarioak azaldu zuen zertan den ekimena: “Ikus-entzunezko instalazio honek Comète sarean parte hartu zuten eta bizirik dirauten lagunen eta haien senideen lekukotasunak jasotzen ditu. Erakunde zibil eta humanitario honek laguntza eman zuen ezkutuan, Bigarren Mundu Gerran naziak atzetik zituzten 800 soldadu aliatu inguru gatazka-eremutik ateratzeko, Belgika edo Frantzia okupatutik euskal lurretaraino” .

Hala, erakusketa interaktiboan garai gogor haietan, ihesaldi horietan parte hartu zutenei eta senideei eginiko 30 elkarrizketa esklusibo, eta bestelako dokumentazioa biltzen dira.

Belgikatik Gibraltarrerainoko bidaia luze haietan hainbat hiri (Paris, Baiona edo Donostia) zeharkatu behar ziren, eta Euskal Herria zen igarobidea, normalean Bidasoatik egiten baitzen gure lurraldea zeharkatzerakoan. Hemen, beste toki askotan bezala (3.000 pertsona anonimok parte hartu zuten sarean) euskal talde batek, mugaren bi aldetan, era aktiboan parte hartu zuen. Horrexegatik, mugalari asko aritu ziren Comètekin lanean (Hernanikoak, Zestoakoak, Orexakoak…) eta horietako bat da Florentino Goikoetxea hernaniarra izan zen, dudarik gabe, sareko mugalari nagusia. Ziburun Kattalin Agirreren laguntza  ere topatu zuten, izan ere,  Kattalinek etxean gordetzen zituen pilotuak, eta handik abiatuta, Florentino eta beste mugalariek mugaren beste aldera gidatzen zituzten.

Sinkronizatutako 32 monitore erabiliz, instalazioak Comète sareak gurutzatzen zituen geltoki nagusietatik igarota, balentria horren protagonista batzuen bizipen samurrak eta hunkigarriak kontatzen ditu. Bertan aipatu zen bezala, erakusketak “aukera ematen digu gizarte zibilak gatazka-egoeretan izaten duen zeregin garrantzitsuari buruz hausnartzeko”. Eta hala da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button