BERTSOTAN

Datorren larunbatean Bertso Eguna, Gernikan

Bertsozale Elkarteak eta Lilibertso bertso-eskolak larunbateko Bertso Egunerako egitarau ederra atondu dute. Gernika-Lumon egun osoko bertso-festa izango da.

Eguerditik aurrera, Astra aurrean elkartuko dira zaleak eta lurralde ezberdinetako bertso-eskolak arituko dira tabernaz taberna ibilbidea osatuz. Geroago, bazkarirako ere, Astran bilduko dira guztiak, 15:00etan. Horren ostean, 17:30ean hasiko da eguneko bertso jaialdia.

Hasiera batean kantatu behar zuen Amets Arzallusen ordez, Sustrai Colina ariko da. Gainerakoan, aurreikusi bezala, Etxahun Lekue, Maialen Lujanbio eta Saioa Alkaiza izango dira bertsotan, eta gai-emaile lanetan arituko dira Aitor Etxebarriazarraga eta Idoia Anzorandia.

Ondoren, gauean ere izango da festa jarraitzeko aukerarik, DJ Bullen eskutik.

1968an hasi zen antolatzen Bertso Eguna. Hasiera batean, Bertsolari Eguna izena hartu zuen, eta garaiko hainbat bertsolariren omenaldi eguna izaten zen. 1987an Bertsozale Elkarteak hartu zuen antolatzeko ardura, betiere Donostiako Udalarekin elkarlanean. 1995ean omenaldi kutsua alde batera utzi eta bestelako itxura hartu zuen egunak; izena ere aldatu zitzaion, eta Bertso Eguna izatera pasa zen. Donostian egin zen urte luzez, eta 2017ko etenaren ondotik eta 2018tik aurrera, Euskal Herri osoan mugitzen den egitasmo ibiltaria da egun.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button