MUSIKA

Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean “Iparraldea Bertan” zikloa

Koldo Mitxelena Kulturunean Iparraldea Bertan zikloa duzue martxan. Aurten, martxoan, musika, narrazioak eta zinema izango dira jardunaldietako protagonistak.

Atzo abiatu zen Iparraldea Bertan zikloa, Colette Larraburu idazle eta kazetariak idatziriko, Francoren mende kantatzen genuenean liburuaren aurkezpenarekin. “1960 eta 1970eko hamarkadek garrantzi handia dute euskal kantagintzan. Ipar Euskal Herrian zein Hego Euskal Herrian sortu ziren mugimenduek berritu zuten euskal kantagintza, modernizatu egin zuten. Ipar Euskal Herriko garai hura aztertu du sakon Colette Larraburu kazetariak, protagonisten beraien eta haien ondorengoen testigantzak oinarri hartuta. Mixel Labeguerie jotzen da euskal kantagintza modernoaren sortzaile, eta harekin batera beste asko sortu ziren: Pantxoa eta Peio, Guk taldea, Gexan Lantziri, Patxika Erramuzpe, Etxamendi eta Larralde, Manex Pagola, Ortziken, Zazpiri bai… Zergatik eta nola sortu zen mugimendu hura guztia?”. Francoren mende kantatzen genuenean erakusketa ere ikusgai izango da. Argazkiak, kartelak, diskoak, irudiak eta oroitzapen-dokumentuak, 1970eko hamarkadako Iparraldeko giroa ezagutzeko eta ulertzeko aukera emango dutenak.

Datorren asteko asteartean, martxoak 8, Lumi lapurtar taldeak kontzertua egingo du. Nahia Zubeldiak eta Manu Matthysek beren unibertso musikala erakutsiko dute. Orain, Bezperen Dirdira disko berria prestatzen ari dira, udaberri honetan argitaratuko dutena, Usopop diskoetxearekin. Proposatutako kontzertu honetan, talde lapurtar horren unibertso musikala ezagutzeko aukera izango da.

Martxoaren 15ean, Etxetabururen emanaldia izango da. Mixel Etxekopareren haizea eta Kristian Galtxetabururen hauspoa, XVIII. mendetik XXI. mendera bitarteko bertso zahar eta berriak ekartzeko.

Eta martxoaren 22an, Eleketa, ahozko oroimenak erakusketaren karietara, Euskal Kultur Erakundea-k (EKE) zinegile batzuei ahozko memorioaren gaia esploratzea eskatu die. Horren harira dator, Erleketa laburmetraia, Oskar Alegriaren filma.

Saio guztiak euskaraz egingo dira, 19:00etan, Koldo Mitxelena Kulturuneko Areto Nagusian, eta erakusketa liburutegiko lehen solairuan bisitatu ahal izango da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button