ARTEA

“Bosteko” erakusketa ibiltaria, Arrigorriagan ikusgai

Bosteko erakusketaren hogeita laugarren edizioaren ibilbidea hasi da, eta Arrigorriagako erakusketa-aretoan ikusi ahal izango da urriaren 3ra arte.

Mostra horrek garrantzi berezia duten praktika artistiko garaikideak ikusgai jarri nahi ditu  dagoeneko ospe handia duten artisten lanak erakutsiz. Bosteko 2021 erakusketan hiru artistaren lanak aurkeztu dituzte alegia: Helena Goñi, Daniel Llaria, e Izaro Ieregi.

Helena Goñi artistak “beste batzuen eskutik bere eguneroko pertsonala sortzen du. Bere itxaropenak zein porrotak eta bere belaunaldiko desioak zein desengainuak ateratako argazkien bidez uztartzen dira”. 2013. urtean graduatu zen Arte Ederretan (EHU). Duela gutxi New Yorken bere ikasketak luzatzeko Fullbright beka jaso du. 2016an Ertibil deialdiko hirugarren saria eskuratu zuen, eta 2020an, berriz, lehen saria.

Daniel Llariak bere eskultura zein bideotan “begiradaren politika, ikustea eta ikustaraztearen sistema, klase borrokaren ikuspuntutik jorratzen da.” 2009. urtean Arte Ederretan lizentziatu zen (EHU) eta Fullbright beka bati esker Parsons-The New Schoolen (New York) egin zituen masterreko ikasketak. 2018an eta 2020an, Ertibil deialdiko hirugarren saria jaso zuen.

Izaro Ieregi artistaren piezak “gorputzaren osagarri batetik eskulturara igarotzen diren objektuak eraikitzeko ideiatik sortu dira. Gorputzetik objektura eta kontrako noranzkoan igarotzearekin temati saiatuz eta uneoro eskultura baten eraiketaren ariketan pentsatuz, gorputz ariketa bat balitz bezala.” 2010. urtean Arte Ederretan lizentziatu zen (EHU). Bere ikasketak luzatu zituen JAIn (Jardun Artistikoen Institutua) eta gaur egun DAI programan dago (Dutch Art Institute). 2018an Ertibil deialdiko bigarren saria eskuratu zuen, eta 2019an, berriz, hirugarrena.

Aldi honen ostean, erakusketa Basauriko Arizko dorretxean izango da urriaren 6tik 27ra, Getxoko erakusketa-aretoan urriaren 30etik azaroaren 20ra, Zelaieta aretoan (Amorebieta-Etxano) azaroaren 23tik abenduaren 13ra, eta Kultur Leioan abenduaren 15etik urtarrilaren 8ra.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.