MUSIKA

Bakelite eta Jupiter Jon, “Pop Pilulak” fantzinearen jaian

Pop Pilulak pop kulturari buruzko euskarazko fantzineak aurkezpen-jaia ondu du, larunbatean, otsailak 22, Bermeoko Kapillan, Nuntxaku Gauak kolektiboarekin lankidetzan. Hala, 22:00etatik aurrera, Bakelite bizkaitarrak eta Jupiter Jon gipuzkoarrak izango dira oholtzan.

Bi emanaldi horien ostean, Blaká-k soinu beltzekin jositako saio dantzagarria zuzenduko du: soul, funk, rhythm & blues, boogaloo…

Bermeoko Bakelite bikoteak, gainera, Azeriak izeneko estreinako lan luzea aurkeztuko du. Sergio Llanos (gitarrak) eta Naiara Anasagasti (ahotsa eta perkusioak) bikoteak osatzen dute Bakelite. Aurretik, single autoekoitzia argitaratu zuten, eta orain, berriz, iraupen luzeko lehenengo diskoa, Azeriak (Frigo Fingers eta Borax Ekoizpenak), aurkeztuko dute CD eta LP formatuetan. Bakeliteren jarioan rock-and-rollaren eta blusaren eraginak nabariak dira, baina bestelako estiloek ere tokia daukate; esaterako, Merkatura doinuan dub oihartzunak entzuten dira, eta Begiak Itxi kantuan post-punk giroak nabaritzen dira.

Bidasoa aldeko Jupiter Jon, berriz, Euskal Herriko talde interesgarrienetarikoa da. Duela bi urte inguru Pleiztozenoko Astelehenak disko bikaina argitaratu zuten Bidehuts markapean. Bidehutsen webgunean jasotzen denez, “(…) espiritu tribalari jarraiki lortu du laukoteak pertsonalitate erraldoi hori. Ematen du Aidak haitzulotarrengandik jaso dituela bateria jotzeko irakaspenak. Tinbal eta danbor hotsak eragiten ditu erritmo sinkopatuak josteko. Baxik eta Nereak, halaber, ñabardurez beteriko gitarra joko sotilak gauzatzen dituzte, maiz disonantziez lokaztuta agertzen diren arren, eta Joxek, berriz, saurioaren taupadak bultzatzen ditu lau sokekin”.

Amaitzeko, gogoratu Pop Pilulak fantzinearen bigarren alea udaberrian aterako dela! Pop on!

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button