BESTELAKOAK

Bizkaiko Foru Aldundiak “Lauaxeta Sariak” banatu ditu

Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Elixabete Etxanobek, eta Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatuak, Leixuri Arrizabalagak, 2023ko Lauaxeta Sariak banatu dituzte Bizkaiko Foru Jauregian.

Lauaxeta Ohorezko Saria Jon Enbeitak jaso du, bertsolari, idazle eta baita kantari legez ere egindako ekarpen aberatsagatik. Sari horren helburua bereziki Bizkaian eta oro har munduan euskara sustatu, zabaldu eta normalizatzeko egindako ekarpenagatik nabarmendu diren pertsonak edo taldeak jendaurrean aitortzea da, merezimendu handiko jarduera horiek sarituz eta hedatuz, ahal den neurrian gizartea euskara sustatzeko lan horretara erakartzeko pizgarri izan daitezen.

Poesiako Lauaxeta Saria, 35 urtetik beherakoen kategorian, Libe Goitiak jaso du Fast Fatum poema-bildumagatik: “idazleak une oro argi dauka zer den esan, kontatu eta iradoki gura duena, lehenengo liburua izanagatik ere. Nietzsche eta Hölderlin daude alde batean, eta Sufjan Stevens eta Lorde musikariak bestean; tradizioa eta adierazpide garaikideak ere bai.”

XIX. edizio honetan Ikus-entzunezkoen kategoriako Lauaxeta saria Oier Plazak jaso du. Poesiako Lauaxeta Sariei dagokienez, 35 urtetik gorakoen kategorian Angel Erro izan da saritua, eta 35 urtetik beherakoen kategorian, berriz, Libe Goitia.

35 urtetik gorakoen kategorian Angel Errok Poema liburu bat —irakurtzeko jarraibideak— poema-bildumagatik jaso du poesia saria. Epaimahaiak azpimarratu duenez, “Poesia irakurtzeko jarraibide esplizituak espero dituenak ez ditu liburuan hala-hala aurkituko; bai, aurkituko ditu, ordea, idazle honen lana irakurri ahala, Angel Erroren edozein liburu delako poesia maite duenarentzat jarraibide bat”.

Azkenik, Oier Plazak Memoria Lurperatuta dokumentalagatik jaso du Bizkaiko Foru Aldundiak banatzen duen Ikus-entzunezkoen Saria. Epaimahaikideek nabarmendu dutenez, “Erorien Haranean hilobiratuta dauden euskal jatorrizko 1.234 lagunen familiarren ezintasunarekin bat egiteko bidea ematen du Memoria Lurperatuta dokumentalak. Ikus-entzuleok eskutik helduta eramaten gaitu deshobiratze-prozesu konplexuaren bitartez. Bide luze horretan senitartekoek oztopoak baino ez dituzte topatu. Gainera, dokumentalak ongi adierazten duen moduan, gaur da eguna non beraien nahia ez duten lortu, nahiz eta laguntza profesionala eta instituzionala izan, Gogora Institutuarena, edota, nazioarteko begiraleek lagunduta, Pako Etxeberria forentsearena eta bere taldearena.”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button