Bizkaiko Foru Aldundiak Bertso Ardatz ekimena abiarazi du, egoitzetako adineko pertsonen bizi-kalitatea eta gaitasun psikoemozionalak hobetzeko helburuz. Ekimena herri hauetako egoitzetan garatzen ari da: Gernika, Dima, Orozko, Ondarroa, Zeberio, Lekeitio, Durango, Otxandio, Leioa, Bermeo, Sondika eta Amorebieta-Etxano.
Bertso Ardatz honetan datza: saio bakoitzean eskualde bereko bi bertsolarik hartzen dute parte, eta, esperientzia aberasteko, bertsolariak belaunaldi desberdinetakoak dira. Gainera, aldez aurretik, zentroetako dinamizazio-langileek aztertzen dute zer bertso zahar eta herri-kanta gustatzen zaien gehien egoiliarrei, eta horrela, esperientzia pertsonalizatuagoa eta esanguratsuagoa izango da.
Antolatzaileek adierazi duen moduan, “bertsolaritza eta euskara gure kulturaren funtsezko zutabeak dira, eta adinekoen bizitza hobetzeko balio badute, hori ona da gizarte osoarentzat”.
Ekimen honen bidez egoiliarrek beren osasun psikoemozionala hobetzen dute, depresioari eta horrelakoei musikaren bidez aurre egiten diete, pertsonen arteko interakzioa sustatzen da, eta egoiliarren, zentroetako langileen eta bertsolarien arteko lotura ere indartzen da.
Lehenengo saioak Leioan, Ondarroan, Orozkon eta Otxandion egin dira, eta abenduan, saio gehiago egingo dira gainerako egoitzetan.