LITERATURA

Virginia Woolfen lan zenbait euskaraz

EDO! argitaletxeak  Virginia Woolfen Dalloway Andrea. Emakumeen lanbideak edo Etxeko aingerua hiltzea liburua aurkeztu zuen joan den astean Iruñean, Zaldiko Maldiko elkartean. Liburuak Virginia Woolfen Dalloway anderea nobela eta Emakumeen lanbideak edo Etxeko aingerua hiltzea hitzaldia biltzen ditu. Itziar Diez de Ultzurrun Sagala eta Ana Morales dira testuen itzultzaileak, hurrenez hurren.
Ingelesez 1920ko hamarkadatik gure egunetara idatzi diren nobela onenetakoen artean kokatu izan dute orain Itziar Diez de Ultzurrunek euskarara itzuli duen Dalloway andrea hau.

Mikel Peruarenak dioen bezala, “pertsona askoren bizitzak osorik agertuko ditu Virginia Woolfek irakurlearen begietara. Festa bat antolatu du Clarissak (Dalloway andreak), eta hori du kezka bakarra, inguruan dituen pertsonaiek eta munduak biraka jarraitzen duten bitartean, zenbaitek goraka, zenbaitek amildegira, espiralean bezala. Egun bakar hori eta iduriz arrunt hutsala den Clarissaren festa aitzakia nahikoak zaizkio Woolfi, 1920ko hamarkadako Ingalaterran bizi diren pertsonaia horien guztien sakoneko putzuetan arrantza egiteko: iraganetik orainera eta berriz atzera eginez etengabe (gero izango dena proiektatuz), pertsonaietako bat eta bakoitzaren oroitzapenak, beldurrak, mamuak, itxaropenak eta barne elkarrizketa ugariak josiz. Eta norbanakoen mundu aberats horrez gain, iduriz arrunt hutsala den festa horren aitzakiarekin, beste hainbat gai plazaratzeko abilezia ere badu Woolfen testuak: maitasuna, homosexualitatea eta giza harremanak, gizarte egitura eta emakumeen rola, eromena eta hura artatzeko moduak, lehen mundu gerra, kolonialismoa eta migrazioak… Eta galdera bat, oinarrian: zer egin, nola egin, zorionari eusteko bizitza honetan?”

Diez de Ultzurrunen eta Moralesen itzulpenak nazioarteko literaturaren obrarik garrantzitsuenetako bat ekarri dute euskarara, finezia handiz; nobelak, hitzaldiak eta hitzosteak elkar osatzen dute, Woolfen kezka estetiko, etiko eta politikoei buruzko irudi osoa eskainiz irakurleari.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button