
Baztango Udalak, (H)ilbeltza elkarteak eta Txalaparta argitaletxeak 2026ko (H)ilbeltza bekaren deialdia egin dute berriz, euskal literatura beltza hedatu eta munduko literatura beltza euskaratzeko. Deialdi honetan itzulpena da helburua, eta, zehazki, Friedrich Dürrenmatt idazlearen Das Versprechen eleberriaren itzulpena.
Aurkeztuko diren proposamenetan itzulpenaren kalitatea, aberastasuna eta sorburu-testuarekiko baliokidetza baloratuko dira, baita sorburu-hizkuntzatik zuzenean itzultzea ere.
Beka 6.000 eurokoa da, eta bi zatitan emango da. Laginak martxoaren 16a baino lehen aurkeztu beharko dira Baztango Udaleko erregistroan, eta apirilaren 29a baino lehen jakinaraziko da bekaren irabazlearen izena.
Epaimahaikideak hauek dira: Baztango Udalaren ordezkaria, Fernando Anbustegi; Txalaparta argitaletxearen ordezkaria, Maddalen Subijana; eta (H)ilbeltza elkarteak izendatutakoa, Amaia Apalauza Ollo.
Ekimenaren bidez liburu hauek argitaratu ditu Txalaparta argitaletxeak: Miel A. Elustondoren Kezko bola batek itoak birikak (2019), Josu Barambonesek euskaraturiko Patricia Highsmithen Lardaska (2020), Miren Gorrotxategiren Sotoan gordeak (2021), Koldo Bigurik itzulitako Massimo Carlottoren Agur maitea, ikusi arte (2022), Eneko Barberenaren Suak erreko ez balu (2023), Beñat Irastorzak euskaraturiko Fred Vargasen Altxa, hildakoak (2024), Joxan Oizen Amazurtza (2025) eta kaleratu berri den Amaia Apalauzak itzulitako Guillem, Núria Cadenesena.
Datorren urtean argitaratuko da Gaizka Sarasolaren eleberria, Mug(H)erri I izeneko proiektua, iazko beka irabazi zuena.
Hemen dituzue deialdiaren oinarriak.



