Xabier Mendigurenek Vikingoen sorterrira ipuin-bilduma kaleratu du. Egilearen ibilbidean heldutasun eta sakontasunezko marka bat ezarriko duena. Samurrak eta gordinak dira liburu honetako istorioak; pertsona baten une bateko zalantzan bizialdi oso baten kontraesanak biltzen dituztenak.
Iratxe Esnaolak, berriz, Galerna idatziz plazaratu du. Lan honek Augustin Zubikarai nobela labur sariketa irabazi zuen. Abuztuko azken eguna da itsasertzeko hiri turistiko batean; beroa jasanezina da, eta galerna datorrela antzematen da. Giro sargori horretan lau pertsonaia, beren arteko harreman sare nahasietan korapilaturik. Liburu hau hilaren 24an aurkeztuko dute.
Eider Rodriguez, halaber, Igartza Saria erdietsi duen Katu jendea tituludun lana merkaturatuko du. Aurreko lanetan bezala, gizakien ahuluneetan arakatu du, luma bisturitzat harturik maiz: edertasunak dakarren ahala eta morrontza, desiraren zirrikitu bihurriak, seme-alaben ispilu krudela gurasoentzat, eta abar. Liburu honen aurkezpen-ekitaldia apirilaren 16an egingo dute.
Ateko bandan izeneko sailaren barruan, Jon Arretxe Sustrai beltzak eta Maribel Aiertzak Tigreak hondartzan karrikaratuko dituzte. Lehenengoak terrorearen generoa landu du, eta bigarrenak, berriz, semea galdu arren, bizitza osoan zehar zain egon den ama baten istorioa kontatzen du. Biak ala biak apirilean aurkeztuko dira.
Biografiei dagokienez, Maritxu Muruak Nelson Mandela idatzi du. Poesian, berriz, Karlos Linazasoro Hamazazpikotan izenburudun poemategian haikuak bildu ditu.
Azkenik, Gazteluma sailean Beatrice Urruspilek Gizaki bakartiak idatzi du eta komikigintzan Patxi Huarte Zaldi Eroa marrazkilariak bere komikien antologia aurkeztuko du De Rerum Natura 3 lanean.
Elkar argitaletxeak bidalita



