MUSIKA

Esan Ozenkik bizirik dirau

Imanol Ubedak, Fermin Muguruzak, Andres Camiok eta Eguzki Bideoakeko Nereak Esan Ozenki diskoetxearen berri eman zuten atzo Donostian.

Hiru kontu izan zituzten hizpide. Batetik, Esan Ozenki Records 1991 – 2011 CD bilduma, bigarrenik katalogoaren digitalizazioa, eta azkenik, Hitz Egin I – II DVDa.

Esan Ozenki Records katalogoaren digitalizazioaren harira, euskarri fisikoak eta katalogoa ere XXI. mendera egokitu behar izan dituzte. Beraz, erreferentzia guztiak digitalizatu egin dituzte eta dagoeneko eskuragai daude gaurtik aurrera.

 “1995. urtean Oiartzunen egin genuen Hitz Egin jaialdia bi VHStan bildu genuen eta Egin eta Euskaldunon Egunkariarekin banatu genuen. Jaialdiaz gain, talde askoren elkartasun adierazpenak eta jaialdian parte hartu zuten talde bakoitzaren kantu bana bildu genituen. Orain, Eguzki Banaketak etxekoekin harremanetan jarri, eta dokumentu historiko hori DVDra egokitu dugu. DVDa datorren astetik aurrera dendetan eskuragarri izango da”.

Dischord eta Alternative Ten tacles AEBetako diskoetxe independenteen ereduei jarraituz argitaratu zuen duela hogei urte Esan Ozenkik Negu Gorriaken Gure Jarrera diskoa. Fermin Muguruza musikari eta diskoetxeko sortzailearen esanetan, “hortik aurrera, gure diskoen salmentatik ateratako irabaziak, estiloa edozein izanda ere, euskaraz argitaratuko zuten taldeei laguntzeko inbertitu genituen. Hamar urtean berrehun erreferentzia argitaratu genituen; gero, Metak etxeak eta Kontrakalea zigiluak hartu zuten lekukoa, eta bost urtean beste ehun erreferentzia inguru kaleratu zituzten”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button