EUSKARA XEDE

Bilboko Udalak “Hala Birala!” programa jarri du abian

Bilboko Udalak, Azkue Fundazioarekin elkarlanean, abian jarri du euskarazko aisialdi-programa berri bat, Hala Birala! izenekoa, 11 eta 12 urte bitarteko neska-mutilentzat.

Programaren asmo nagusia da adingabeek jolasean eta jarduera dibertigarrien bidez era bateko eta besteko sare sozialetan euskarazko edukiak sortzen, editatzen eta elkarbanatzen ikastea, modu erraz eta seguruan, eta, aldi berean, umeek eskolatik kanpo eta aisialdian euskara erabil dezaten sustatzea. Gainera, tailerrak doakoak dira, eta lagundu egingo diete familiei udako oporraldietan lan-bizimodua eta familia-bizimodua uztartzen.

Hala Birala! programak B-tuber programa ordeztuko du, izan ere, Udalaren iritzia da beharrezkoa dela gai eta eduki gehiago eta askotarikoagoak izatea, beste sare sozial batzuk ere sar daitezen, gazteek erabili ohi dituztenak, hala nola Instagram, twitch, tik tok eta beste. Besteak beste, egungo joerei eta erreferenteei helduko zaie, eta bereziki nabarmenduko dira euskarazko edukiak elkarbanatzen dituztenak; halaber, edukiak sortzeko teknikak landuko dira, eta gogoeta kritikoa ere bai.

Programa 8 tailerretan gauzatuko da, ekainaren 27an, 28an, 29an eta 30ean, Euskararen Etxean. Egun bakoitzean bi saio izango dira, bat goizez eta bestea arratsaldez. Tailer bakoitzean, 4 talde eratuko dira, eta bakoitzean 10 parte hartzaile izango dira; guztira, 320 plaza eskainiko dira.

Izena emateko epea ekainaren 13an amaituko da.
Interesdunek Udalaren web orrian eman behar dute izena: www.bilbao.eus/euskara/halabira

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button