BESTELAKOAK

Urretxuko Kalegorrian jaialdiaren aurkezpena egingo da larunbatean

Urretxuko Santa Barbara auzoan hil honetan egingo den Kalegorrian jaialdia aurkeztuko dute larunbatean, hilak 6. Horretarako antolatzaileek musikaz betetako aurkezpen-jaialdia ondu dute Urretxu eta Zumarragako gaztetxean.

Egitaraua 18:00etan hasiko da Pop Pilulak pop-kulturari buruzko euskarazko fanzinearen laugarren zenbakiaren aurkezpenarekin. Ekitaldian Julen Azpitarte argitalpenaren arduradunak eta Antton Iturbe musika-kazetariak parte hartuko dute.
Gero, 20:00ak bueltan, Giorgio Bassmatti musikari donostiarra Oso Fan gisa arituko da, alegia, euskaraz kantatzeko sortu duen alter egoa. Amaitzeko, gaur partean, 22:30ean, German Carrascosa nafarrak joko du, La Alegria del Barrio taldearen laguntzarekin. Emanaldiaren ostean, 00:00etan, disko jartzaileak izango dira: Julen Blaká eta DJ Beirut.

Kalegorrian jaialdiaren harira, ekainaren 14an, bi bakarlari arituko dira agertokian: Amorante eta Cabezafuego. Iban Urizar ibilbide luzeko musikaria dago Amoranteren atzean. Egitasmo horretan ahotsa, gitarra, harmoniuma, perkusioa eta tronpeta uztartzen ditu, estiloen fusioa gauzatzeko. Cabezafuegok, berriz, bere bakarkako lehen diskoa aurkeztuko du, Camina conmigo.

Bigarren asteburuan, ekainak 20, after-punk, post-hardcore eta antzeko doinu ilunak haizatuko dituzte hiru taldek: Hi Exekutibo, Perlak eta Piztiak. Azken horiek, gainera, U izenburuko grabazio berrian bildutako kantuak joko dituzte.

Azkenik, ekainaren 27an, folk, pop eta rock doinuak nagusituko dira: Ruper Ordorika eta Morau ta Beñardo. Bikoteak Arrainentzako Himnoak diskoa aurkeztuko du, eta Ruperrek, berriz, Lurrean Etzanda lana.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button