BESTELAKOAK

Bilboko Kafe Antzokiaren 25. urteurrena

Euskal kulturaren erreferentzia den Kafe Antzokiak, Bilboko lokal enblematikoak bere 25. urteurrena ospatuko du. Ospakizunaren formatua bidea izango da, eta Kafe Antzokiak 25 urte izenburupean, Bilboko elkargune honetan egin diren ekimen esanguratsuenetako batzuk jasoko dira.

Ikus-entzunezko proposamenean 15 bat minutuko 25 bideotan Kafe Antzokiaren ibilbidea egingo da, kontzertuen, dantzaren arloko profesionalen, artisten edo idazleen eskutik, guztiak ere, aretoko programazioan parte hartu dutenak, eta hala bideoan parte hartu duten batzuk Hertzainak, Zea Mays, Aitor Etxebarria, Mikel Urdangarin edota Pi L.T izan dira, besteak beste. Oroimen horiekin batera, emanaldi bereziak eskainiko dituzte, artisten eta Kafe Antzokiko lagunen eta publikoaren testigantzekin batera.

“Atzera begira, urte hauetan Kafe Antzokia posible egin duten guztiak nahi ditugu hemen aipatu, teknikari, zerbitzari, programatzaile, sukaldari, zaindari, dj, garbitzaile, bulegari; bai eta Antzokitik pasa, tragoxka hartu, bazkaldu, kontzertua entzun, hitzaldira etorri, goizeko ordu txikietara arte dantzatu, artista, lagun, bidaide guztiak; eta bereziki, euskarak eta kulturak Kafe Antzokia bezalako espazioak behar zituela ikusteko argitasuna eta iragarmena izan zutenak. Bakoitzari eman nahi diogun besarkada, agurra, eskerra… lerro hauetan doakio.
Egoerak, inoiz baino argiago erakutsi digu, eskutik helduta soka berean dantzatzeak, hartu-emanak, egiten gaituela “Gu”. Gu izate hori aldi oro lotu eta ospatzeko plaza gara. Bertan batu gara lagunekin, maiteekin goxo dantzatu, begiak liluratu, hunkitu, asaldatu, haserretu, adiskidetu, kaosa eta ordena… bizitza… Horrela ikusten dugu etorkizuna, emankor, oparo; musikaz, bertsoz, jaiz, antzerkiz, dantzaz betea; beste 25 urte zuekin, indartsu, motibatu, prest”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button