ESZENA

Bilboko Zirkuituaren hamalaugarren edizioa martxan da

Bertako eszena taldeen jarduera bultzatu nahi duen Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolaturiko Bilboko Zirkuituaren XIV. edizioa martxan dago jada. Apirilaren amaierara arte luzatuko da egitarau potoloa.

Arrasate Euskaldundu Dezagun Elkarteak ekoitzi eta Olatz Pagaldayk antzezten duen Erdaldun berrien kluba euskarazko bakarrizketak zabaldu du aurtengo edizioa.
Datozen asteetan beste hamar lan eskainiko dira, Otxarkoagako, Abando-Barrainkuako, Altamirako, San Frantziskoko, Basurtuko eta Errekaldeko udaltegietan, Solokoetxeko institutuan eta, berrikuntza gisa, Antzerkiaren Munduko Egunarekin bat etorriz, emanaldi bat eskainiko da BilbaoEszenan.

Bilboko Zirkuituaren eszenatokira igoko diren konpainien artean, Luna Llena, Totum edo Burbujas talde ezagunekin batera Alanbike, Happy End, Artebi edo Ane Lekanda eta Itxaso Gil, Ibarrekolandako Arte Eszenikoetako Batxilergo Institutuko ikasle ohiak ere tartekatuko dira.

Hiruhileko honetarako proposamenen artean, “barrea sortzeaz batera, kontzientzia pixka bat astindu eta gaurkotasuna duten zenbait gairi buruz gogoeta egitea bultzatu nahi duten zenbait komedia daude”. Hala,  Hypoycondrias taldeak Macho-Maris antzezlana eskainiko du;  Happy End taldeak Suicidio en 55 minutos; Luna Llena taldeak Amigas… ¿para siempre? eta abar.

Gaur berton, otsailak 27, Alanbike taldeak Perpetuum Mobilem lana eskainiko du Otxarkoagako udaltegian.

Non, noiz eta zer dagoen ikusteko hemen kontsultatu ahal duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button