BESTELAKOAK

Bilboko Barrea jaialdiak Francisco Ibañez marrazkilaria omenduko du

Mortadelo y Filemon, Rompetechos, Pepe Gotera y Otilio eta hainbat komiki ezagun marraztu dituen Francisco ibañez marrazkilari espainiarra omenduko du Bilboko Barrea Umorezko Literatura eta Artearen Nazioarteko Asteak. Atzo aurkeztu zuten bigarren edizio hau eta umore surrealistari eskaini diote.

Ekimena irailaren 28tik urriaren 2ra bitartean egingo da eta hainbat idazle ekarriko ditu Bilbora, tartean, Frédéric Beigbeder, Elvira Lindo, David Lodge, Montero Glez, Luis Magrinyà, José Carlos Somoza, Fernando Marías, Luisa Etxenike, Carmen Posadas, Manuel Rodríguez Rivero, Rosa Belmonte, Mercedes Abad, Fernando Aramburu, Nuria Barrios, Tatiana Pigariova eta Albert Boadella.

Umorezko Literatura eta Artearen Nazioarteko Astea hiru agertokitan gauzatuko da, Bilboko Kale Nagusiko BBK aretoan, Alondegian eta Areatzan, hain zuzen ere. Lehenengoan hitzaldiak, autoreen topaketak eta erakusketak izango dira. Alondegian, berriz, Jacques Carelman pintore frantziarraren Objektu Inposibleak erakusketa izango da, besteak beste, eta Areatzan karpak izango dira, eta bertan liburuen aurkezpenak, kontzertuak, liburuen standak, film laburren proiekzioak eta bestelakoak izango dira.

Horretaz gain, La Risa de Bilbao/Bilboko Barrea narrazio liburuaren bigarren alea aurkeztuko du Alberdania argitaletxeak El hombre del cartapacio izenburupean. Liburuan, besteak beste, Harkaitz Cano, Pedro Ugarte eta Elvira Lindo idazleen ipuinak bildu dituzte.

Programazio osoaren xehetasunak hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button