MUSIKA

Lisabö eta Rüdiger taldeen kontzertua, Iruñean

Santas Pascuas jaialdia bidean da, eta urtarrilaren 6ra bitartean egingo da Iruñeko Zentral aretoan. Gaur, hilak 27, kontzertu eder bat entzutezko parada izango duzue: Lisabö eta Rüdiger.

Lisabö Lorategi izoztuan hezur huts bilakatu arte lan berria haizatzen ari da makina bat tokitan. Disko hau 2022ko apirila eta 2023ko iraila bitartean grabatu eta nahastu dute, Karlos Osinagaren gidaritzapean. Testu guztiak Martxel Mariskalenak dira, baita itzulpenak ere, frantsesezkoak izan ezik, Rafa Rodrigok egin baititu.
Adituek honelakoak esan dituzte taldeari buruz (Ihintza Orbegozo, Berria): “Isilean lan egiten duen taldea da Lisabö, eta gaur egungo korrontearen kontra doa hori. Aurrerapen abestiak eta etengabeko iragarpen mezuetara ohituta gauden honetan, supituki disko osoa argitaratu berri du seikoteak, zazpi abestiz osaturiko lan borobila, beste behin. Martxel Mariskalen hitz paregabeei musika burrunbatsua jarriz, ohikoa duten noise eta post-rock doinuz bustiriko lana osatu dute. Ez dute inongo berrikuntzarik sartu, baina hain ongi egiten dute eurena, ez baitu aldatzen hastea merezi. Zaleok gustura hartzen dugu Lisabören esentzia purutasunean, eta buklean entzutera bultzatzen gaituen lan izugarri honek barrenak bete dizkigu berriro.”

Rüdiger musikaria The Dancing King bira egiten ari da. Felix Buff, Willis Drummond taldeko bateria jolearen proiektua da Rüdiger. Baketak albo batera utzi eta gitarra soinean hartuta, brit-pop, folk, psikodelia eta indie doinuak nahasten dituen Before It’s Vanished diskoa argitaratu zuen 2020an.

Datozen kontzertuak honako hauek dituzue: abenduaren 28an eta 29an, El Columpio Asesino taldeak agur esango die agertokiei. 30ean, Janus Lester arituko da. Urtarrilaren 4an, Jimena Amarillo eta Verde Pratoren txanda izango da, eta urtarrilaren 6an, larunbata, La Élite eta Neskatasuna taldeak arituko dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button